ACTUALIDAD
Atzo, etxerik gabeko 30 pertsona kanporatu zituzten Aranzadiko frontoitik, Iruñean. Udaltzaingoak gauzatu zuen hainbat orduz luzatu zen desalojoa, kaltetuei euren gauzak (kanpin-dendak kasu) hartzeko astirik ere eman gabe. Polizia-indarrek eta bertaratutako gizarte-zerbitzuetako langileek entzungor egin zieten kaltetutako jendearen eta kolektibo sozialen kexei.
Diario de Navarra-k jaso duenez, atzo frontoitik kanporatutako lagunetako batzuk Aranzadiko beste hainbat eremutatik bota zituzten aurreko astean, hala nola, parkeko beste gune batzuetatik edo komentu zaharretik. Ez diete, ordea, bizitoki-alternatibarik bermatzen: atzo, udal-aterpetxe batean hiru gau igaro ahal izatea baino ez zieten eskaini.
Aipatutako egunkariaren arabera, aurreko astean izandako beste desalojo batean ere Poliziak ez zien kanporatutako pertsonei euren gauzak hartzen utzi, eta material hori zaborrontzietara bota zuten.
Atzoko desalojoaren berri ematean, Iruñeko Udalak (EH Bildu) esan du etxerik gabeko pertsona horien "segurtasuna bermatzeko" bota zituztela frontoitik, Arga ibaiko ura dela-eta. Udalak bere oharrean aitortu zuen, dena den, "behin-behinekoa" baino ez dela kanporatutako jendeari eskainitako "alternatiba".