ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Fakultateko ikasgela bat, goraino beteta.
2023/10/05 12:34

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) Gasteizko (Araba) campusean daukan Magisteritza Fakultateko ikasleek azaldu dutenez, surrealista da une honetan bizitzen ari diren egoera, eta "agerikoa" ari da izaten fakultateko ikasleen nahiz irakasleen ikas- eta lan-baldintzen "urraketa sistematikoa". Besteak beste, ikasle ratioekin, ordutegiekin, irakasleen bajekin eta mugikortasun programarekin lotutako arazoak aipatu dituzte.

Argitaratu dituzten argazkiek (albiste honetakoa kasu) erakusten duten modura, Haur Hezkuntzako 3. mailako hainbat klasetan "ez dira errespetatzen" ikasle ratioak. "Ikasgeletan ez dago lekurik matrikulatutako ikasle guztientzako. Izan ere, fakultateak dituen baliabide fisikoak ez dira bateragarriak ratioen araudiak ezartzen duenarekin", salatu du ikasle batek sare sozialen bidez. "Ikasgelan zehaztuta dagoen aforoa gainditzean, irakasleek klaseak bertan behera utzi behar izan dituzte. Egoera horrek eragin zuzena du ikasleengan zein irakasleengan, ikasketa-prozesua oztopatzen eta atzeratzen baitu", gaineratu du.

Gainera, gradu bereko maila berean, ordutegiekin arazoak dituztela jakinarazi dute. "Egungo ordutegiak ez datoz bat matrikulazioan eskaini zirenekin. Ondorioz, aldaketak ikasleen egoera pertsonala baldintzatu du (lana, joan-etorriak...), matrikulazioan hautatutako ordutegiaren arabera antolatuta zutelako", dio fakultateko ikasle berdinak.

Ordezko irakasleen falta, bestalde, nabarmena dela azpimarratu dute. Hala, ikusten ari da, irakasleak bajan egon arren, EHUk ez dituela baja horiek lehenbailehen betetzen. Ikasleek xehatu dute hiru aste igaro direla ikasturtea hasi zenetik, eta unibertsitateak ez dituela baja guztiak bete. Lanean ari diren irakasleek eskola-ordu ugari dituzte euren bizkar, eta "aitortutako kredituak baino ordu gehiagoz" ari dira lanean, aipatutako ikasleak azpimarratu duenez.

Bateraezinak

Hori guztia gutxi balitz, mugikortasun programa delakoa ere izan dute hizpide Hezkuntzako ikasleek. "EHUk mugikortasun programan parte hartzeko aukera eskaintzen eta sustatzen duen arren, errealitatea bestelakoa da. Zenbait irakasleren ebaluazio-irizpideen ondorioz, jatorrizko unibertsitateko (EHU) ikasgaiak gainditzea eta mugikortasun programan parte hartzea bateraezina da", seinalatu dute: "Mugikortasun programan baliozkotu gabeko ikasgaiak (ikasturte osokoak) gainditu ahal izateko, bigarren lauhilekoan azterketa egitea da eskaintzen den ebaluazio-aukera bakarra eta, horretarako, atzerritik itzuli beharko ginateke".

"Horrek dakarren esfortzu ekonomikoaz gain, norako unibertsitatean beste hainbat ikasgaitako lanak, azterketak eta abar ere izango ditugu. Beraz, matrikula jada ordaindu dugun arren, ikasgaia hurrengo ikasturtean berreskuratzea da EHUk eskaintzen duen aukera erreal bakarra", gehitu du ikasle batek.

Protesta urriaren 10ean

Magisteritzako ikasleak eta irakasleak jasaten ari diren egoera dela-eta, protestara deitu du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB). Datorren asteartean, urriaren 10ean, elkarretaratze bat egingo dute fakultateko sarreran, 12:00etan hasita. Magisteritzan ikas- eta lan-baldintzak bermatu. Hartu ardura! lelopean egin du mobilizazio deialdia UIBk.

NO HAY COMENTARIOS