ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/27 12:34

Nazioarteko kirol-txapelketetan normaltasun osoz parte hartzen jarraitzen dute Israelgo taldeek, palestinarren aurkako sarraskiak etenik ez duen arren. Euskal Herriko kirol-klubek ere segitzen dute estatu sionistako taldeekin hitzorduak izaten, eta gorriz markatutako bi partidaren berri eman dute oraintsu Gasteizen: datorren urtean, Hapoel Tel Aviv eta Maccabi saskibaloi-taldeek jokatuko dute Buesa Arenan, Baskoniaren aurka.

Hapoel Tel Aviv izango da Arabara bertaratzen lehena, martxoaren 27rako baitu hitzartuta Baskoniaren kontrako partida. Maccabi, berriz, apirilaren 7an arituko da Gasteizen. Azkenekoz, joan den otsailean jokatu zuen Maccabik Buesa Arenan, eta mobilizazio jendetsu bat egin zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak orduan, sionisten aurpegi zuriketari ezetz esateko. Estadioan bertan amaitu zen manifestazioa.

Hala Bedi-k jaso duenez, urriaren 22ko Arabako Batzar Nagusian, alderdi politiko gehienak agertu ziren Israelgo taldeak ez onartzearen alde, baina ez zuten inolako erabaki ofizialik hartu horri lotuta. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek (EAJ) esan zuen diputazioak ezin diela talde israeldarrei Buesa Arenan jokatzea debekatu, Baskoniari lagata dagoelako pabiloiaren erabilera. Saskibaloi-klubak ere beste aldera begiratu du: nazioarteko kirol-erakundeen eta Espainiako Gobernuaren gain jarri du ardura.

Palestinarekin Elkartasunak hamaika aldiz salatu du Israelek kirol-ekitaldiak erabiltzen dituela bere burua nazioartean legitimatzeko, eta ezinbestekotzat jotzen du talde sionisten presentziari aurre egitea. "Larunbatean Elitzur Ramla talde israeldarrak Gernikan jokatzea ekidin genuen", ekarri du gogora plataformak: "Gernikan egin bezala, partidak bertan behera gera daitezen borrokatuko dugu".

Maccabik aktiboki egin ditu Israelen enbaxadore-lanak nazioartean, estatu sionista eta horrek oinarri duen proiektua aktiboki babestuz, Hala Bedi-k ohartarazi duenez. Hapoel Tel Aviv kluba, bestalde, duela gutxi erosi du Ofer Yannay izeneko enpresaburu batek, eta hark ere publikoki defendatu izan du Israelgo Estatua.

NO HAY COMENTARIOS