ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/26 17:54

Luberri Konpartsak abuztuaren hasieran ohartarazi zuenez, aurten ere ezin izan du Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusian "konpartsa gisa normaltasun osoz parte hartu": Bilboko Konpartsek iaz ezarri zioten beto politikoa. Hala ere, iazko udan egin bezala, Luberriko kideek hainbat ekimen antolatu dituzte aurtengo Aste Nagusirako: hainbat konpartsarekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu dute oraingoan ere.

Aurreko ostirala, abuztuaren 23a, gorri bereziz markatutako eguna izan zen: egun horretan ospatu zuten Luberri Eguna, Askapeña konpartsarekin batera. Egun osoko egitarau bat antolatu zuten konpartsakideek, Askapeñan bertan, nagusiki. Besteak beste, bazkari bat egin zuten; txaranga baten eskutik girotu zituzten Bizkaiko hiriburuko kaleak; kantaldi bat eskaini zuten Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Iosu Zabalak; eta Mutikoren, Malakias MX3 proiektuaren eta Nahianovo eta Denzeren musika emanaldiak izan ziren.

Horren aurretik eta ostean ere, hainbat konpartsarekin izandako elkarlanari esker, ekimen ugari egin ditu Aste Nagusian Luberrik; bai Askapeñan bertan, bai kaleetan barrena, bai beste zenbait gunetan. Kalejirak, bertso-saio musikatu bat eta kontzertuak izan dira Luberriren eskutik, esaterako. Konpartsaren ekimenetan parte hartu dute, hala nola, Kalipotxok, Ekida Arte Ekimen Sozialistak, Skareggekaskok, Nikotinak eta Raimundo El Canasterok.

Indarra hartu duen exijentzia

Aurreko urtetik hona etenik gabe aldarrikatu dute bai Luberri Konpartsako kideek bai beste hamaika kolektibok eta lagunek: guztion parte-hartze eskubidearen alde, Luberrik ere gainerako konpartsen baldintza berdinetan hartu beharko luke parte Aste Nagusian.

Aldarri horrek indarra hartu du urte honetan ere: martxoan, Euskal Herriko 100 kolektibo politiko eta sozial batu ziren Mugimendu Sozialistaren parte-hartze eskubidearen alde, Bilboko Konpartsek Luberriri eta Gasteizko Txosna Batzordeak Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari jarritako beto politikoak zirela-eta. Maiatzean, gainera, agerraldi bat izan zen Bilboko Kafe Antzokian, 150 kulturgilek sinatutako adierazpen bat aurkezteko: Mugimendu Sozialistaren kontrako beto politikoa salatu eta parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

NO HAY COMENTARIOS