Bart heldu dira Loiura (Bilbo, Bizkaia) Global Sumud Flotillako lau kide euskal herritarrak, gaueko 23:00ak igarota. Harrera beroa egin diete aireportuan hainbat eta hainbat lagunek, Palestinaren banderak eskuan hartuta, eta Israelgo Estatuaren aurkako oihu artean. Agintaritza sionistek nazioarteko uretan atxilotu, espetxeratu eta deportatu ostean bidali dituzte Loiura hegazkinez, hainbat eguneko atxiloaldiaren eta inkomunikazioaren ondoren.
Abdel Karim el Khamlichi, Itziar Moreno, Jotas Osés eta Mikel Zuloaga dira Euskal Herritik ontzidira batu ziren lau pertsonak, Gazako Zerrendan korridore humanitario bat irekitzeko misioan parte hartzeko. Aurreko asteazken gauean blokeatu zuen Flotilla armada sionistak, eta ehunka ekintzaileak atxilotu zituen. Espetxeratu eta gero, apurka deportatzen hasi dira tripulatzaileak.
Atxiloaldian jasandako tratu txarrak salatzen ari dira nazioarteko ekintzaile gehienak. Euskal Herriko kideek ere eman dute torturen berri: kolpatu egin dituzte, armak eta txakurrak erabiliz mehatxatu dituzte, janaria eta ura ukatu diete, lo egitea galarazi diete, arreta medikoa jasotzea debekatu diete, zelda txikietan pilatu dituzte eta askotariko tratu umiliagarriak ezarri dizkiete, inkomunikazio-erregimenaz gain.