ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Navarra Información
2025/05/27 12:54

Joan den asteburuan, Lizarrako (Nafarroa) gazte bati egin zion eraso herriko alkateak, Marta Ruiz de Aldak (UPN). Bere alderdiak zabaldutako kontakizuna gezurtatu dute gaztearen senideek eta lagunek, eta larunbatean jazotakoa azaldu dute, idatzizko ohar baten bidez. 

Larunbat arratsaldean, Oier (erasotako gaztea) eta bere lagun bat kalean zeuden, alkatearekin topo egin zutenean. Bajadikako 27en aurkako auzian ikertuak izaten ari diren pertsonetako bi dira, eta horiek horrela, Ruiz de Aldari hitz egin zioten; "alkatea gure Lizarra maitean sortzen ari den ondoez guztia dela-eta, euren desadostasunak erakutsi" zizkioten, oharrean azaltzen denez. "Egoera tenkatu" egin zen haien artean, eta UPNko politikariak modu biolentoan jokatu zuen eztabaidan: zaplasteko bat eman zion aurpegian Oierri, hari fisikoki eraso eginez.

Momentu horretan, "bere adina bikoizten zuten bi gizonezko" hurbildu ziren Oierrengana, bere bila. Orduan, "modu instintiboan" erantzun zuen gazteak, eta gizonetako bat kolpatu zuen. "Ez dugu ulertzen gure herriko alkatea nola iritsi den bere herriko bizilagun bat jotzera", gaineratzen dute idatzian Oierren gertukoek. Kezkaz diote, une honetan, "jomugan" daukatela gaztea: "Kezkatzen gaitu bera atxilotu ahal izateak, baita horrek bere etorkizunean zein ondorio izan ditzakeen ere".

UPNren eta Diario de Navarra-ren kontakizun faltsua

"Beste behin ere, alkatea da gazteriari eraso diona eta biktimaren itxurak egitea erabaki duena. Ez dugu onartuko gure semea eta laguna dena erabili dezatela, euren estrategia politiko gaiztoetarako", defendatu dute oharrean. Horiek horrela, agerraldi bat egingo dute datorren ostiralean, hilaren 30ean, 20:00etan Lizarrako Koroatzearen Plazan. Bitartean, "UPNren eta Diario de Navarra-ren errelato manipulatuari" aurre egitera deitu dute. "Oier ez dago bakarrik".

Beste behin ere, Ruiz de Alda eta UPN Lizarrako bizilagunen aurka

Asteburuko gertakariak testuinguruan jarrita, askotarikoak izan dira azken urtean UPNren udal-gobernuak eta Ruiz de Alda alkateak berak Lizarrako hamaika kolektiboren eta bizilagunen kontra egindako erasoak. Azken erasoaldiaren abiapuntu modura, udala iazko udan saiatu zen Lizarrako txosnei bat-bateko debekua ezartzen, ohiko jaigunetik lekualdatuz. Udal-gobernuaren jarrera autoritarioaren kontra, jende andana mobilizatu zen herrian: manifestazio jendetsu bat izan zen uztailaren 20an, jaietako Puyko Bajadikan protesta egin zuten hainbat eta hainbat bizilagunek, eta Beef D'alda salaketa-abestia sortu zuen Raimundo el Canastero taldeak, esaterako.

Udalak eta alkateak, baina, errepresioaren bidez ito nahi izan dituzte kritikak eta protestak. Horren erakusle da Raimundo el Canasteroren aurka zabalik jarraitzen duen prozesu judiziala, euren kantaren letrengatik (aurreko astean epaitu behar zituzten horregatik, baina epaiketa atzeratu dute azkenean); edo Bajadikako 27en aurkako prozesua, udalaren jarrera autoritarioaren kontrako protestagatik irekitakoa (aurreko astean deklaratu behar izan zuten epailearen aurrean ikerketapean dauden guztiek). Esan bezala, auzi horregatik ikertua izaten ari den gazteetako bat da Oier, alkateak larunbatean fisikoki eraso zuen pertsona.

NO HAY COMENTARIOS