Aurrera doa garraiolarien greba. Bart, Galdakaon (Bizkaia), Larrabetzun (Bizkaia) eta Zornotzan (Bizkaia) zeuden zenbait kamioitan kalteak eragin dituzte langileek, gurpilak zulatuta eta erremolkeen estalkiak pitzatuta. Bizkaiko hiru herri horietako industrialdeetara joan da Ertzaintza.
Grebaren lehen eta bigarren egunetan bezala, atzo Bilboko (Bizkaia) portuan sumatu zen gehien lanuzteen eragina. 40 kamioiko konboi bat sartu zen portura atzo goizaldean, Ertzaintzaren babesarekin. Bestalde, arrantzan ere eragin du grebak, inguratze-sareekin aritzen diren arrantzaleak atzo ere ez baitziren itsasoratu.
Atzo ere, noski, izan ziren gidarien protestak Hego Euskal Herrian. Kamioi ilara bat egin zuten Gasteizen (Araba), Langraiz Okatik hasi eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiraino; zortzi kilometro inguruko ilara bat sortu zuten. Astelehenean Iruñean (Nafarroa) oztopatu zuten trafikoa 300 ibilgailu inguruk.
Hego Euskal Herrian, momentuz, bi elkartek babestu dute greba deialdia; Hiru sindikatuak eta Tradisna Nafarroako elkarteak. Hala ere, Bilboko TransportBilbaoko kide askok ere jo dute grebara.
Erregaien garestitze izugarriak piztu du garraiolarien greba Espainiako Estatu mailan; aurretik ere, dena den, egin zizkioten hainbat exijentzia Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agentziako Ministerioari —garraiolarien lanetik eratortzen diren lan-gaixotasunak aitortzea, atseden-guneetan segurtasun-neurriak hobetzea, edota garraiolarien lana arrisku handikoa dela aitortuta geratzea eta, modu horretan, erretiro-adina 60 urtean kokatzea—. Ministerioak ez ditu eskaera horiek bete.
Balaz zauritutako behargin bat Madrilen
Atzo, hirugarren greba egunean, Espainiako Estatuko hamaika lekutan egin zituzten protestak eta piketeak langileek. Madrilgo El Barral industrialdean, trafikoa eteten saiatu ziren grebalariak, eskirolei bidea ixteko.
El Barralen pikete informatibo bat egiten ari ziren hainbat langileren aurka jo zuen Espainiako Poliziak; besteak beste, 33 urteko garraiolari bat tirokatu zuen kalez jantzitako polizia batek. Sabelaldean jaso zuen tiroa, eta larri zaurituta eraman zuten erietxera.
Social Drive-k zabaldutako bideo honetan ikus daiteke tiroketaren unea