ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Gasteiz Hoy
2025/01/21 18:47

Beste itxiera bat iragarri dute euskal industrian: Guardian enpresak Laudioko (Araba) lantegia itxi eta kalera bidali nahi ditu 171 beharginak. Itxura denez, bertako labea zaharkituta eta higatuta geratu da eta, berreraikitze-lanak egin ezean, ezingo du martxan jarraitu. Baina labe berririk ez egitea eta ondorioz lantokia zarratzea erabaki du enpresako zuzendaritzak. Erabakia justifikatzeko, lan-karga txikia dela esan du.

Zuzendaritzak aurtengo uztailerako eten nahi du labearen jarduna, eta hala jakinarazi die jadanik langileen ordezkariei. Guardian Multinazionalak 1984. eta 1986. urteen artean erosi zuen Laudioko fabrika (Villosa izena hartu zuen sortzez), eta bertan 1.500 langile izatera heldu zen arren, beheranzko joera izan du ekoizpenak eta langile kopuruak. 2016an, Koch Industries taldeak erosi zuen Guardianen kapital osoa, eta gaur egun AEBetatik gidatzen dute lantegia.

2012an ere 120 behargin kaleratzeko mehatxua egin zuen Guardianek, baina grebara jo zuen plantillak eta neurriari kontra egitea lortu zuten. 2020an, bestalde, Laudioko instalazioetako eremu bat (Autoglass-Glavista) Parter Capital funtsari saldu zion zuzendaritzak, eta hartzekodunen konkurtsoan amaitu zuen, 240 langile izan arren. Orain, multinazionalak bere asmoen berri eman ostean, etor daitekeen enplegu-erregulazioko espedientearen esperoan daude gaur egungo 171 beharginak.

Aiaraldean nabaria da industria-lantoki handien itxiera edo horietako ekoizpenaren murrizketa, hamarkada luzez eskualde indartsuenetako bat izan den arren. Eusko Jaurlaritzak nahiz Arabako Foru Aldundiak diote Guardianen itxieraren kontra daudela, eta euren "lankidetza" erakutsi diotela enpresari azken urteetan, "fabrikaren etorkizuna bermatzea bilatuz". Oraintsu ohartarazi du Confebaskek, beste behin ere, geldialdian dela EAEko industria, eta aurreikusitakoa baino txikiagoa izaten ari dela hazkundea sektorean. Horren erakusle dira azken hilabeteetan iragarritako hamaika itxierak eta kaleratze kolektiboak.

NO HAY COMENTARIOS