ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Pais
2020/02/03 14:23

Garaipena Orozkoko (Bizkaia) Artiach lantegiko beharginentzat, hilabetetako borrokaren ondotik. Enpresak berriro hartu ditu iazko urrian kaleratutako lau langile, eta kontratu finkoarekin, gainera. Atzo bertan sinatu zuten akordioa langileek eta enpresako zuzendaritzak.

Iragan udazkenean, beharginetako baten kaleratzea baliogabetzat jo zuen epaitegi batek. Enpresako zuzendaritzak, ordea, helegitea aurkeztu zuen. "Akordio kolektibo" baten aldeko apustua egin zuten langileek, eta atzo atera zuten mahaira emaitza: lau emakume onartuko ditu berriro Artiachek.

Urte oso bat borrokan

Ia urtebete egin dute borrokan Artiacheko langileek. Aurreko urte hasieran jo zuten Lan Ikuskaritzara; izan ere, urte asko zeramaten fabrikan lanean (6-17 urte artean), baina enpresak ez zien behin betiko kontraturik egiten. Esaterako, Aiaraldea-k jakinarazi zuenez, 16 urtean behin-behineko 750 kontratu egin zizkion enpresak behargin bati. Artiachek kontratu mugagabeak egin behar zituela ebatzi zuen Lan Ikuskaritzak; enpresako zuzendaritzak, baina, kaleratu egin zituen hainbat langile.

Hala, borrokari ekin zioten langileek. Lantegiaren aurrean zein Laudion (Araba) hasi zituzten protestak, eta bereziki jendetsua izan zen azkeneko mobilizazioa.

Bigarren garaipena denbora laburrean

Honekin osatzen da Aiaraldeko langile mugimenduak azken bi hilabeteetan lortu dituen garaipenen zerrenda. Izan ere, abendua hasieran akordioa lortu zuten Berriak supermerkatuetako langileek ere; hainbat lanuzte eta protesta egin eta greba mugagabe baten deialdia plazaratu ostean, langileen exijentziak onartu zituen enpresak: kaleratutako behargin bat berriro hartzea, eta lan baldintzak hobetzea.

Aiaraldea borrokan

Hau ez da izan azken hilabeteetan Aiaraldean gertatu den lan kaleratze bakarra. Iragan urrian, Laudioko (Araba) Maderas de Llodio enpresan hiru langile bidali zituzten kalera, Artiacheko kaleratze prozesua hastearekin batera.