Denera, bederatzi langile kaleratu dituzte azken egunetan Aiaraldean. Batetik, Orozkon (Bizkaia) Artiach enpresak duen lantegian sei behargin kaleratu ditu zuzendaritzak. 6 eta 17 urte bitarte zeramaten lantegian lanean, baina aldi baterako Randstad enpresaren bitartez. Euren egoera salatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko asmoz, Lan Ikuskaritzara jo zuten urte hasieran zazpi langilek.
Ikuskaritzaren ebazpenaren ostean etorri da zazpi horietatik sei kalera botatzeko enpresaburuen erabakia; enpresak aldi baterako kontratuen praktika arriskuan ikusi duenean, hain zuzen. Izan ere, bi ondorio nagusi barnebiltzen ditu ebazpenak: Artiachen behin-behinekotasun handia dagoela (lan-hitzarmenean jasotakoa baino handiagoa), eta zazpi behargin horiei kontratu mugagabea egin behar zaiela.
Bestalde, Laudioko
(Araba) Maderas de Llodio enpresan ere hiru langile kaleratu
dituzte. Irailaren 27an izan zen kaleratzea, "errendimenduaren
beherakada" eta "diziplina haustea" argudiatuta. Kaleratutako beharginen ordezkari batek Aiaraldea-ri adierazi dionez,
kaleratzea "gezurretan oinarrituta" dago, eta "ez dago inolako
arrazoirik enplegu suntsiketa hori justifikatzeko". Duela
urtebete erosi zuen Garnika taldeak aipaturiko lantegia.
Bi kasu, dependentziaren hamaika aurpegi
Artiacheko langileek azaldu dutenez, enpresako nagusien "irainak, degradazio pertsonalak eta erasoak" jasan behar izan dituzte azken urteetan. Bestalde, salatu dute euren aldi
baterako egoerak sortutako ezegonkortasuna muturrera eraman izan
dutela enpresaburuek; esaterako, lanera sartzeko unea baino orduerdi
lehenago jakinaraziz lanaldiko ordutegia, edota bajak ez errespetatuz.
Laudioko kasuan, berriz,
langileek zuzendaritzarekin egindako adostasunak sistematikoki hautsi
dituzte zuzendaritzako kideek. Adibidez, duela urtebete Garnika
taldeak lantegia erosi zuenean, kaleratzerik ez zela egongo zin egin
zuten. Horren ostean ere, lan-karga jaitsi zenean, hainbat neurri adostu zituzten bi aldeek, kaleratzeak
ekiditeko. Horri guztiari, ordea, entzungor egin dio zuzendaritzak.
Artiacheko zein Maderas de Llodioko kasuetan, langileek derrigorrez onartu behar izan dituzte lan-baldintzak eta modu horretan lanean jarraitzea. Laudion, adibidez, ostiraletan lanik ez egitea onartu behar izan zuten kaleratzeak eragozteko; Orozkon, aldiz, irain eta degradazio pertsonalen gainetik, aldi baterako kontratuak sinatzen jarraitu dute, zenbait kasutan, 17 urtez.
Langileak borrokarako
prest
Orozkoko lantokiko sei beharginek adierazi dutenez, "ahal den guztia" egiten jarraituko dute "urte luzez aldarrikatu dutena" defendatzen jarraitzeko. Prozesu judizial bat dute aurretik orain; epaiketa bat izango dute langile bakoitzeko.
Maderas de Llodioko
langileek ere borrokarako asmoa azaldu dute. Gaurko eta
astelehenerako elkarretaratzeak deitu dituzte enpresaren atarian, 13:00etatik 15:00ak arte.