Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileen lan hitzarmenaren hobetzeak blokeatuta darama bi urte baina gehiago, eta hala jarraituko du momentuz, Gipuzkoako Foru Aldundia ez baita bertaratu sindikatuekin eta patronalarekin hitzartua zuen bilerara.
Bilera atzorako, abenduak 10, zegoen deituta Donostiako (Gipuzkoa) Lan Harremanen Kontseiluan, eta Aldundiak "negoziazioaren parte ez" direlako egin dio uko bertan aurkezteari, nahiz eta sektorearen %90 finantzatzen duen. Aldundiak adierazi izan du gatazkak bere horretan jarraitzen duela "ELA mahaian esertzen ez delako".
Hiru eskakizun nagusi egiten dituzte langileek lan hitzarmenari dagokionean: 2017. eta 2018. urteetako soldatak igotzea, "partzialtasunean eta prekarietatean" dauden langileen %50 baino gehiagoren egoera hobetzea, eta 6.000 eurokoa baina handiagoa den soldata-arrakala gutxitzea.
Urtebete baina gehiago borrokan
2018ko urrian hasi ziren Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak hitzarmen duinagoa lortzeko borrokan. Orduan urte eta erdi baina gehiago zeramaten negoziazioetan Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, baina irtenbiderik ikusten ez zutenez, grebara deitzea erabaki zuten. Ordutik, 149 greba egun egin dituzte, eta aurtengo abenduaren 12tik 2020ko urtarrilaren 10era arte grebara deitu dute berriro; guztira, hitzarmena sinatzen ez bada, 179 greba egun eginez.