ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/26 11:06

Tokian tokiko campusetan Herri Unibertsitate propioak egin eta egun gutxira, aurten ere, Leioako (Bizkaia) campusak hartu du Herri Unibertsitate nazionala. Goizean goiz, Hezkuntza Fakultatean bildu dira ehunka gazte, egun osoko egitarauari hasiera emateko prest

GREBA OROKORREN ERRAIETAN

10:00etan hasi dira aurreneko bi hitzaldiak: batetik, "grebak langile mugimenduaren historian izan duen erabileraren eta ulerkeraren" inguruan jardun du Adam Radomskik, eta bestetik, sobietak izan ditu hizpide Jon Kortazarrek.

Radomskik, lehenik eta behin, greba orokorren genealogia bat egin du; zehaztuz klase borrokaren egoera zehatzak baldintzatzen dituela grebak, eta langile borrokaren zein kapitalaren formaren araberakoak direla. Rosa Luxemburgen hainbat adierazpeni ere jarri die azpimarra: "greba ez da ekintza espontaneo bat, langile borrokaren esperientzien ondorio bat baizik".

Europako gaur egungo greba orokorrak ezaugarritu ditu gero hizlariak, proletarizazio prozesuaren testuinguruan kokatuta. Hala, besteak beste, ekoizpen prozesua eteteko duten ezintasuna, izaera sinbolikoa, edota sindikatuen interes alderdikoiak aipatu ditu. Gero, iragan urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian izan zen greba orokorra aztertzera egin du jauzi Radomskik, eta gogoan izan ditu sektore proletarizatuenen parte hartze urria eta taktika berritzaileen gabezia. Izan ere, urtarrilaren 30ean ez zen lurraldearen gaineko kontrola eskuratzeko inongo biderik bilatu, ezta ekoizpenaren postu erabakigarriak lortzeko biderik ere.

BOTEREA ETA IKUSKERA

Kortazarrek, bestalde, sobieten inguruko azterketa ekarri du Herri Unibertsitatera: definizioak, botere-organismoa, nola ezarri ziren, zein eztabaida nagusitu ziren, eta abar. Sobieten bilakaeraren eta ibilbidearen inguruan aritu da hizlaria, boltxebikeen eta mentxebikeen parte hartzeari eta taktikari, botere bikoitza zein anizkoitza ezarri ziren uneei, edota sobieten botere hartzeei erreparatuta.

12:00etan ekin diote bigarren txandari, Ignazio Aiestaranen eskutik: Postmodernitateari kritika marxista hitzaldia eskaini du. Modernitatea eta postmodernitatea bereizteko hainbat gako aurkeztu ostean, postmodernitatearen inguruko kritika garatu du hizlariak, sortzen duen ezintasun politikoa ardatz hartuta, batez ere.

KONTROLA ETA AUTODEFENTSA

14:00etan, bazkaltzeko parada izan dute Herri Unibertsitatera bertaratutako gazteek, Hezkuntza Fakultatean. Gero, 16:00etan ekin diete arratsaldeko saioei. Ordu horretan, bi mahai-inguru izan dira aldi berean: alde batetik, "langile kontrolpeko guneen defentsa" izan dute aztergai Erraki sareak, Etxebizitza Sindikatuak eta Krisiaren Seme-Alabek; bestetik, militantziaren eta jazarpen politikoaren inguruan hitz egin dute errepresaliatu batek eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kide batek.

Aurreneko saioan, hizlariek "langile kontrolpeko espazioak" kontzeptuaren inguruko teorizazioari heldu diote lehenengo. Gero, jabetzaren eta guneen kontrolaren auziari klase perspektibatik aurre egiteko hainbat gako mahaigaineratu dituzte; besteak beste, langile instituzio egonkorrak sortuz botere kuotak eskuratzearen garrantziaz mintzatu dira, baita antolakuntzaren bidez muga organizatibo eta politikoei aurre egiteaz ere.

Defentsa proletariorako tresnak eta praktika politikoa landu zuten ondoren, antolaketa formaren auziari heltzeko.

18:00etan hasi dira arratsaldeko bigarren saioak. Batetik, sindikalgintza forma berriei buruzko mahai-ingurua egin dute Unibertsitateko Indar Batasunak, Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak eta SEPC Herrialde Katalanetako ikasle sindikatuak. Bestetik, genero problematikaren eta praktika politikoaren inguruan hausnartu dute GUETek, Itaiak, eta Tolosaldeako eta Urolako bi militantek.

Iluntzean amaitu dira hitzaldiak, eta Hezkuntza Fakultatean afaria egin ostean, Bertso-tramarekin eman diote amaiera lehenengo egunari.

NO HAY COMENTARIOS