Iragan larunbatean, urtarrilak 18, grebari ekin zioten Glovo enpresarentzat Araban lan egiten duten banatzaileek. Helburua, argia: lan baldintzen hobekuntza eta "irabazi duinak" lortzea. Azken hilabeteetan lan baldintzen hainbat aldaketa jarri ditu martxan Glovok, besteak beste, gutxieneko komisioaren murrizketa.
Uztailean, 2,50 eurotik euro batera jaitsi zuen beharginek banaketa bakoitzeko irabazten duten komisioa; bestalde, ordaindu gabeko soldatak, fakturazioan izan diren atzerapenak zein baldintzen okertze orokorra jarri dituzte jopuntuan langileek. Gainera, gogorarazi dute "autonomo faltsu" modura jarduten dutela guztiek, eta euren gain geratzen direla Gizarte Segurantzaren zein BEZaren ordainketak. Hori guztia dela-eta, borrokaldia abiatzeko erabakia hartu dute Arabako banatzaileek.
Zigorrak
Enpresa haiekin harremanetan jarri ezean, mobilizazioekin eta grebekin jarraituko dutela iragarri dute. Hogei behargin inguruk egin dute bat lanuztearekin, eta salatu dute dagoeneko haien aurkako neurriak hartu dituela Glovok. "Bikaintasun sisteman" puntuak kendu dizkie; ondorioz, murriztu egin dira haiei egokitutako lanorduak.