ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/17 14:16

2015. urtean indargabetu zuten sektoreko lan hitzarmena, eta ordutik egon da martxan negoziazio mahaia. Bost urteko negoziazio prozesuaren ostean, bileretara bertaratzeari utzi diote enpresek, eta "administrazio publikoak beste aldera begiratzen du", langileek salatu dutenez. Gainera, klausula baten arabera, hitzarmen berria erdietsi bitartean zaharrak egon beharko luke indarrean, baina ez dute irizpide hori bete Euskal Herriko Unibertsitateak azpikontratatutako enpresek: pixkanaka, akordio zaharra ezartzeari utzi diote, beharginen lan baldintzen okertzeari bide eginez.

Horregatik, Lan berdina, solda berdina lemapean abiatu dute borrokaldi berria EHUko garbitzaileek. Martxoaren 2an hasita, bost asteko greba egingo dute, bi aldarri nagusi ardatz hartuta: lanean egiten dituzten hiru urtero antzinatasunagatik soldata handitzea, eta 2000. urtean sinatu zen hitzarmenean jasotzen zen arren, inoiz jaso ez duten plus bat kobratzea.

Soldatak, metroak eta kargak

Hala ere, sektorean bizi dituzten askotariko problematikak mahaigaineratu dituzte garbitzaileek. Esaterako, soldata baxuak izan dituzte hizpide. Lakuako gobernuko garbitzaileekin alderatuta, %13 inguru gutxiago irabazten dute. Izan ere, langileen %40ek jarduten dute lanaldi partzialetan, eta lanaldiak luzatzeari uko egiten diote enpresek.

Langileek beren gain duten lan karga "eramanezina" dela ere salatu dute sindikatuek; Hezkuntza Saileko garbitzaileek, adibidez, mugatuta dute egunean garbitu beharreko zenbatekoa: 1.240 metro. EHUk azpikontratatutakoek, aldiz, 2.500 metro garbitzen dituzten egunean, baita 2.800 metro ere kasu askotan. Gainera, langile askok dituzte gaitz fisiko zein psikikoak; antsietatea, kasu.

Lehiaketa publiko bidez zehazten dira sektoreko lan baldintzak; izan ere, Eusko Jaurlaritzak lehiaketak argitaratzen ditu, eta aurrekontu baxuenak aurkezten dituzten enpresek irabazi ohi dituzte. Hala, enpresek adierazi izan dute "prezio baxuegiak eskaintzera behartuta" egoten direla, eta gero, ezin dietela langileen eskakizun eta aldarrikapenei erantzun.

Elkartasuna borrokan

EHUko garbitzaileek protesta ugari egin dituzte ikasturtea hasi zenetik, esaterako, elkarretaratzeak Lakua aurrean. Ondoan izan dituzte ikasle mugimenduko kide ugari, Unibertsitateko Indar Batasunako eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeko kideak, kasu.

Martin Goitiandiak garbitzaileen borrokaren inguruan idatzitako Ikuspuntua irakurtzeko, egin klik hemen