ACTUALIDAD / Consejos socialistas
"Langile-klasea Donostiatik bota eta aberatsentzako hiri bilakatu nahi dute"
Donostiako Kontseilu Sozialistak salatu du turismoaren eta etxebizitzaren negozioan oinarritutako hiri-eredua ezartzen ari direla, eta horrek ondorio larriak dituela Donostiako langileriarentzat.
2026eko ekainaren 27 - 11:53
"Langile-klasea Donostiatik bota eta aberatsentzako hiri bilakatu nahi dute"

Bulebarretik abiatu da Donostiako Kontseilu Sozialistak gaurko antolatu duen manifestazioa, eguerdian. Hiri-eredu kapitalistaren aurka borrokatu zioen pankarta handi bat mobilizazioaren buruan zela, erdiguneko kaleak hartu dituzte ehunka pertsonak, salatzeko etxebizitzaren eta turismoaren negozioa ardatz duen hiri-eredua indarrez ezartzen ari direla Donostian. Eta salaketa hori xehatu dute Kontseilu Sozialistako kideek manifestazioa bukatu denean, Sarriegi plazan: "Hiri-eredu kapitalistaz hitz egiten dugunean, burgesiaren neurrira eraikitako hiriez ari gara. Jabe handi eta enpresarien bizimodura egokitutako hiriak, haien poltsikoak betetzeko pentsatutakoak. Eredu honek ez die langile-klasearen beharrei erantzuten. Areago, etxebizitzaren prezioa dela-eta, milaka pertsona Donostiatik kanporatzen ditu".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2070823483110523343

Donostiako alkate Jon Insaustik eta EAEko Etxebizitza sailburu Denis Itxasok proposatzen dituzten aterabideak kritikatu ditu Kontseiluak, gogoraraziz eremu batzuk "tentsio handikotzat" izendatzea eta "etxebizitza gehiago eraikitzea" dela politikariek proposatzen dutena. "Neurri horien helburua ez da etxebizitza-eskubidea bermatzea, biak aplikatuta ere, etxebizitzaren prezioa mugarik gabe igotzen ari baita", Donostiako kideek seinalatu dutenez: "Zein da, beraz, neurri horien xedea? Zalantzarik gabe, etxebizitzaren negozioa bermatzeko, jabeen eta enpresarien eskubideak babestea".

Luxuzko turismo masiboa

Horren adibide modura aipatu dute Donostiako kaian arriskuan dagoen pertsonaren kasua, Elizak bere etxetik bota nahi baitu: "Desalojo saiakera hau ez da edozein testuingurutan gertatzen. Azken sei urteetan Donostiako Elizak 50 milioi euro irabazi ditu bere jabetzak hotelak eraikitzeko salduz". Horiek horrela, Kontseilu Sozialistak uste du "luxuzko turismorik gabe ezingo genukeela gertakari hori ulertu", hiriko "negozio-izarra" bihurtu delako.

Jakinarazi dutenez, "azken 15 urteetan 70 hotel eraiki dira, hiriko erdigunea luxuzko turismora bideratutako merkataritza eta zerbitzuz josi dute, Intxaurrondon sei izarreko hotela eraikitzen ari dira… Langile-klasea Donostiatik bota eta aberatsentzako hiri bilakatu nahi dute". Insaustik, berez, konpromisoa hartu zuen Grosen hotel gehiagorentzako lizentziak ez emateko, baina onartu egin du Mariaren Bihotzean hotel berri bat egiteko lizentzia, besteak beste.

Olatu erreakzionarioa, segurtasuna eta ordena

Kontseilu Sozialistatik ohartarazi dute, gainera, "segurtasuna eta ordena" bilakatu direla alkatearen eta EAJren obsesio: "Ez kasualitatez, beren eginbeharra hirian eredu ekonomiko hori burutzeko baldintza politikoak ezartzea baita. Horregatik elikatzen dituzte ideia klasistak zein arrazistak, eta ezkutatu egiturazko pobrezia eta horien kausak. Defendatzen duten hiri-ereduan pobreek ez baitute lekurik". Horri lotuta, gogoan izan dute, ikasturte honetan, kale-egoeran zeuden lau pertsona hil direla Donostian, azkena aste honetan: "Saihestu zitezkeen heriotzak izan dira guztiak, eta beraz, erantzuleak dituzten heriotzak; etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresarietatik hasi eta negozio horiei alfonbra gorria jartzen dietenetaraino".

Bestalde, gogorarazi du "hiri-eredu kapitalistaren aurkako borroka isilarazten" saiatzen direla etengabe udaletik, "propaganda zentsuratzen, militantziari jazartzen eta mugimendu politikoen eskubideak murrizten"; "militantzia politikoak ere ez duelako lekurik defendatzen duten hiri-ereduan".

"Instituzio publikoek sektore pobretuenak segurtasunaren arazoaren erantzule eta enpresariak etxebizitza-arazoaren konponbide gisa saldu nahi dizkigute. Baina gezurretan ari dira. Badakigu gure bizitzekin negozioa egiten duten enpresariak pobretze orokortuaren erantzuleak direla, horregatik jarraituko dugu diskurtso erreakzionarioen eta etxebizitzaren negozioaren aurka borrokatzen", aldarrikatu dute manifestazioaren amaieran, hiri-eredu kapitalistari aurre egitera deituz.