Kataluniako azken gertakarien inguruko
hausnarketa kaleratu berri du Gazte Koordinadora Sozialistak. Lehenik, elkartasuna adierazi die azken
asteetan errepresioa jasan duten guztiei; "espetxeratuen berehalako
askatasuna" eskatu du, eta "burgesiaren morroien eta talde faxisten" aurka eman den erantzuna txalotu du.
GKSk adierazi du "muntai politikoa" izan dela Procés-aren
aurkako sententzia. Horrekin batera, azken gertakariek "gazte belaunaldien eta
antolakunde demokrata burgesen arteko haustura" mahai gainean jarri
dutela dio; eta kaleetan ikusi ahal izan diren adierazpen
desberdinek, "Kataluniako alderdi politiko burgesen mobilizazio agenda
gainditu dutela" ere azaldu du. Hala, "proiektu politiko nazional kontajarriak" egon badaudela nabarmendu dute GKSko kideek; hain zuzen, "Kataluniako langileriaren proiektu
politiko nazionala, eta enpresari eta politikari profesionalen nazioa".
Askatasun politikorako bermea
Aldi
berean, Kataluniako azken gertakariak Espainiako Estatuko "demokrazia
liberalaren" parte direla nabarmendu dute: "Burgesiaren diktadura da
Espainiako Estatuaren oinarria". Azken asteetan, oinarrizko eskubideak "ukatu" egin ditu Espainiako Estatuak, GKSren ustetan. Horren aurrean, adierazi
du langile antolakuntza dela "oinarrizko eskubideen berme bakarra".
Bide beretik, "Estatu Sozialistaren" aldeko aldarria egin dute; "hori
baita proletargoak askatasun politikoa izateko berme bakarra".
Azkenik, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin du Gazte Koordinadora Sozialistak.