ACTUALIDAD / Régimen salarial
Langile bat hil da Arbizun, aldamio batetik erorita
Utzubar industrialdeko lantoki batean izan zuen lan-istripua 55 urteko beharginak, atzo arratsaldean. Aurten, gutxienez 39 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2024eko irailaren 1
Langile bat hil da Arbizun, aldamio batetik erorita
— ARGAZKIA Google Maps

Atzo, abuztuaren 31n, langile batek lan-istripuz galdu zuen bizia Arbizun (Nafarroa). 55 urte zituen, eta Utzubar industrialdeko lantegi batean jasan zuen istripua: aldamio batetik jausi zen, 3 metroko altueratik. Larrialdietako langileak bertaratu ziren arren, ez zuten behargina suspertzerik lortu, eta bertan hil zen.

Aurreko astelehenean, Amezketako (Gipuzkoa) paper-fabrika batean izan zuen istripu larri bat 30 urteko langile batek. Ospitalera eraman zuten zauriturik, baina ostegunean jakinarazi zuten hil egin zela.

Iturri sindikalek orduan azaldu zuten, Euskal Herrian, 38 zirela urtea hasi zenetik lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan bizia galdu zutenak. Orain, beraz, Arbizuko azken lan-erailketa kontuan hartuta, gutxienez 39 dira.