Eurostatek inoizko gobernurik aurrerakoienaren triunfalismoa apaldu du langabeziaren zifretan, aldizkako finkoen faktorearekin: Lan Ministerioak arlo horretako datuetan egindako "doikuntzek" estatistiketan eragina izan zuten. Europako erakundearen abenduko azken datuek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) aurreko hilabeteetako langabezia-zifrak kalkulatzeko bidalitakoak gezurtatu dituzte, El Economista atariak aditzera eman duenez. SEPEk azaroan argitaratutakoa baino 173.000 langabe gehiago zeudela azpimarratu dute, hain zuzen.
Bruselak SEPEren datuak berrikusi ditu Espainiako Estatuko langabeziari buruzko hileko datuak aurreratzeko, eta aldizkako finko langabeen "ezohiko doikuntzak" zifrak apaindu zituela ondorioztatu du. Eurostatek ez du zalantzan jartzen langabezia zenbatzeko metodoa bera, baina PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuaren "gardentasun arazoak" agerian uzten ditu.
Aldizkako kontratu finkodun langabeen zifretan egindako doikuntza irregular horiek, nolabait, eragina izan zuten langabeziari buruzko datuetan. Gogoan izan behar da kontratu mota hori dutenak biztanleria ez-aktiboaren baitan sartu ohi direla maiz; euren enpresak noiz deituko zain daudenez, ez dute beste ogibiderik bilatzen. Bada, urrian, bereziki, 52.288 langabe erregistratu ziren lan-harremanen bat duten eskatzaileen zerrendetara. Hilabete horretan, inoiz ez bezala, 27.000 langabe gutxiago zenbatu ziren bat-batean, Eurostaten alarma piztuz.
Eurostatek SEPEk bidaltzen dizkion erregistratutako langabeziaren datuak eta Lan Ministerioarenak berrikusten ditu aldiro, desbideraketa tipikoak zuzendu eta eguneraketak txertatzeko. Oraingoan, ordea, badirudi SEPEk ez duela garbi jokatu: enplegu-zerbitzu publikoetan izena eman duten aldizkako finkoak zenbatzeko egin dituzten moldaketak ezkutatu ditu. Baina gezurrak hanka laburra du.
Espainiako Gobernuak igorritako datuekin, bazirudien urrian 2,93 milioi langabe zeudela, aurreko hilean baino 90.000 gutxiago, eta azarorako, berriz, 2,85 milioiraino jaitsi zirela. Kopuru horrek EBko langabezia-tasarik handiena izaten jarraitzen zuen arren, "2008tik erregistratutako langabe kopururik txikiena" ospatzera eraman zuen bat baino gehiago. Abenduko zifra eguneratuek, baina, goitik behera gezurtatu dituzte: kalkulu berria 3,02 milioikoa da urrirako eta 3,01 milioikoa azarorako. Hau da, urriko hasierako datuan baino 110.000 langabe gehiago eta azarokoa baino 173.000 gehiago zeuden berez, gutxienez.