ACTUALIDAD / Régimen salarial
Lanera itzultzera behartuko dituzte Sidenor, Michelin, Mercedes eta Volkswageneko langileak
Espainiako Gobernuak igande gauean indargabetuko du "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" eteteko dekretua. Hala, Hego Euskal Herriko fabrika handi askok adierazi dute ekoizpenari ekingo diotela berriz, tartean, Sidenorrek. Gasteizko Mercedes eta Michelin nahiz Nafarroako Volkswagen lantegietan, aldiz, hilabetearen amaiera aldean irekiko dituzte ateak.
2020eko apirilaren 9
Lanera itzultzera behartuko dituzte Sidenor, Michelin, Mercedes eta Volkswageneko langileak

Datorren asteartean, apirilak 14, lanera itzuli beharko dute Hego Euskal Herriko langile ugarik, "funtsezko jarduera ekonomikoan" ez aritu arren. Espainiako Gobernuak igande gauerdian kenduko du "funtsezkoa ez den jarduera" gelditzeko agindua, eta hainbat dira jada ekoizpenari ekingo diotela adierazi duten lantoki handiak, tartean, Sidenor.

Bestalde, Gasteizko (Araba) Mercedes eta Nafarroako Volkswagen auto ekoizleek apirilaren amaierara arte itxarotea hautatu dute, gutxi gorabehera. Mercedes hilaren 20an hasiko da berriro Gasteizko fabrikako ekoizpenarekin, eta Volkswagenek hilaren 27an irekitzeko asmoa du, ez duelako espero autoen salmenta berehala berpiztea krisialdi honetan.

Gasteizko Michelinen ere hurrengo astean abian jartzekoak ziren, baina azkenean, hilaren 26an zabalduko dituzte ateak.