ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Anboto
2019/11/04 16:53
EITB-k gaur jakinarazi ditu, urtea hasi zenetik, soldatapeko lanak EAEn utzi dituen zenbateko gorriak. Urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan, gutxienez 27.959 langilek hartu behar izan dute baja, lan-istripuen ondorioz. 2018. urteko datuekin alderatuta, %5,3 igo da baja kopurua; hau da, 1.397 istripu gehiago izan dira.

EAEko hiru herrialdeetan egin dute gora lan-istripuek; Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan. Araban hazi da gehien kopurua; hain zuzen, iaz baino 4.477 ezbehar gehiago (%10,9) izan dira urtarriletik irailera bitartean. Bizkaian %5,7koa izan da igoera, eta Gipuzkoan, %3,7koa. Lehenengo sektorean izan dira lan-istripu gehien.

Lesakan (Nafarroa) jazo zen Hego Euskal Herriko azkenengo lan-istripua, duela bi aste. Transformados Zalain enpresan ari zen soldatapean lanean behargin bat, eta larri zauritu zen, guztiz argitu ez dituzten arrazoiak medio. Donostiako (Gipuzkoa) ospitalera eraman behar izan zuten.

36 hilketa

GEDAR LANGILE KAZETAk jaso duen modura, Hego Euskal Herrian, gutxienez 36 izan dira soldatapean lanean ari zirela erailak izan diren langileak, urtea hasi zenetik. Alegian (Gipuzkoa) gertatu zen azkenengo erailketa. CAF enpresako behargin batek etxerako bidea hartu zuen txanda amaitzean, autoan, eta istripua izan zuen N-1 errepidean. Bertan zendu zen.