Martxan jarraitzen dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) ikerlariek. Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, lau campusetan egin zituzten bilera irekiak azaroaren 16an; hain zuzen, Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa) eta Leioan (Bizkaia), eta protestara joko dute laster. Abenduaren 20an mobilizazioak egingo dituzte lau campus horietan, "langile klaseko sektore desberdinen kalitatezko lan-baldintzen berdintasuna" aldarrikatzeko.
11:00etan izango da Ibaetako mobilizazioa, Aulariopetik abiatuta, eta 11:30ean hasiko da Gasteizkoa, Elurretatik. Leioan, berriz, 13:00etarako egin dute deialdia, eta Mikel Laboa plazatik irtengo dira. Bilbon 14:00etan egingo dute protesta, San Mamesen elkartuta.
Unibertsitateko ikerlarien baldintzak
UIBk azaldu duenez, azken asteetan unibertsitateko ikerlarien "baldintzen inguruan hitz egiten" aritu dira campusetan, eta zenbait ondorio atera dituzte. Seinalatu dute "ikerketaren adarra ezinbestekoa" dela EHUrentzat, eta "inbertsio ekonomiko oso handiak" egiten dituela hori dela-eta. "Baina EHUren gaitasun ekonomiko faltaren aurrean, enpresa pribatuek esku hartu eta ikerketaren gaineko erabateko kontrola lortzen dute", salatu du UIBk.
Ikerketa hain "garrantzitsua" izan arren, unibertsitatean "lan-baldintza okerrenetarikoenak dituen sektore bat" ikerlariena dela nabarmendu du. "Kontratuen etenaldiekin (bajak) arazoak" izaten dituztela, "doako irakaskuntza klaseak" eskaini behar dituztela, "kongresuetara edo praktikaldietara joateko eta publikatzeko gastu ekonomikoei" aurre egin behar dietela edota "osasun mentaleko arazo nabarmenak" jasaten dituztela nabarmendu dute ikerlariek. Hala, antolatzera eta hurrengo hitzorduetara batzera dei egin du berriz UIBk.
Hona hemen ikerlarientzako programa, UIBk osatutakoa:
IKERLARIEN PROGRAMA/PROGRAMA DE LOS INVESTIGADORE/AS pic.twitter.com/bjoGSI4HtD
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) November 16, 2022