ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurkezpen ekitaldia, Berriozarko Musika Eskolan.
2020/12/24 12:53

Berriozarko (Iruñerria) Musika Eskolako areto nagusian aurkeztu dute Kontseilu Sozialista Iruñerria, "Iruñerriko proletalgoarentzat tresna erabilgarri bilakatzea" xede duena. Krisi kapitalistaren testuinguruari pandemia egoera gehitu zaiola azaldu dute aurkezpen ekitaldian eta, azpimarratu dutenez, "osasuna aitzakiatzat hartuta gure erreakzioa neutralizatzeko asmoz, Estatua gure eskubide politiko eta zibilak murrizten ari da". Hala, "Iruñerriko erreferentzia politiko eta ideologiko sozialista izatea" da adierazpen organizatibo berri honen helburua.






Adierazi dute honakoa Mugimendu Sozialistaren garapenean aurrerapauso bat dela Euskal Herrian. Kontseilu Sozialista Iruñerriak, hain zuzen, proletalgoaren babesgabetasuna gainditzeko eta bere bizi-baldintza materialak hobetzeko hainbat esparrutan egingo du lan, aurkezpenean nabarmendu dutenez. Belaunaldiarteko antolakundea izango da gainera, eta "belaunaldien arteko elkartasuna ehuntzea eta haien arteko ekintza-batasuna" ahalbidetzea izango dute helburu kideek.


Kontseilu Sozialista Iruñerriak osotasunari helduko diola argitu dute, bai eta "Estatuarekiko eta alderdi politikoekiko autonomian" sozialismoaren "proiektu historikoari" berrekiteko jardungo duela ere. Izan ere, Euskal Estatu Sozialista aldarrikatu dute helburu estrategikotzat, "inolako klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat" eraikitzeko bidean.


Kontseiluko kideen esanetan, pandemia egoeran eta "areagotzen ari den krisi kapitalistaren testuinguruan", "estatu burgesek abiarazi duten klase ofentsibak egoera gero eta zaurgarriagoan utzi du gizartearen zati handi bat; langile klasea", alegia. Hortik abiatuta, adierazi dute "klase independentzia oinarri" hartuta "beharrezko tresnak sortzeko eta politika ikuspegi propiotik egiteko" unea dela.


Krisia, krisi ekonomiko hutsa izatetik urrun, "gizarte kapitalistaren egiturazko krisia" dela diote. Testuinguru horretan, "proletalgoaren gaitasun politikoak antolatzeko eta areagotzeko" jaio da Kontseilu Sozialista Iruñerria.