Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak urrian seinalatu zuen, Legazpin (Gipuzkoa), bideo-zaintza kamera gehiago jartzea erabaki duela udalak. "Neurri hori ongizatearen eta segurtasunaren aitzakiapean aurkeztu duten arren, errealitatea bestelakoa da", seinalatu zuten gazteek: "Noren babesa bermatzen dute kamera horiek? Nori egiten diote onura? Zertarako erabiliko da gure eguneroko informazio hori?".
Kontrolerako kamera gehiago jartzeko Legazpiko Udalak (EAJ) hartutako erabakiak, beraz, "askatasun urraketa larri bat dakarrela" salatu zuen GKSk, nabarmenduta "norberaren intimitatearen eta antolatzeko eskubidearen aurkako neurri bat" dela. Bideo-zaintza kamera berrien ezarpena eta kontrol soziala areagotzeko bestelako neurri guztiak "langile klasea mendean mantentzeko" urratsak direla seinalatu zuen, eta Legazpikoa ez dela "kasu isolatu bat" ohartarazi.
Kamerak kentzeko exijentzia
Azken asteetan, "norberaren intimitatearen eta antolatzeko eskubidearen aurkako neurriak" seinalatu ditu GKSk Legazpiko kaleetan, eta horren adibidetzat jo du kameren ezarpena, hain justu. Udalari, beraz, exijentzia argi bat egin dio: herrian jarritako bideo-zaintza kamerak kentzea.
Exijentzia hori kalera eramateko eta, orokorrean, "kontrol sozialaren joera gorakorra" salatzeko, mobilizazio deialdi bat egin du Goierriko GKSk. Ostiral honetan, 18:30ean, Legazpiko plaza nagusira bertaratzera deitu du, Legazpin kamerarik ez. Kontrol soziala gelditu! lelopean.
Gasteizen, mobilizazioa larunbatean
Gasteizko (Araba) GKSk ere kameren eta kontrol sozialaren auzia landu du azken asteetan, Gasteizko Udalak (PSOE) hartutako azken neurrien harira. Arabako hiriburuan ere egin dute mobilizazio deialdi bat GKSko kideek, larunbat honetarako. Kameren eta kontrol sozialaren aurka, Santa Maria plazan jarri dute hitzordua; larunbatean, 19:00etan.