ACTUALIDAD / Bada garaia
Gasteizko festen atarian, denontzako jaiak aldarrikatuko dituzte
Bertso-poteo bat egingo dute uztailaren 24an, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Peru Abarrategirekin. 450 kulturgilek baino gehiagok babestu dute Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko duen eskubidea.
2026eko uztailaren 7 - 06:57
Gasteizko festen atarian, denontzako jaiak aldarrikatuko dituzte

Hilabete baino gutxiago geratzen da Gasteizko (Araba) festak hasteko, eta Mugimendu Sozialistako hainbat antolakunderi txosna jartzea debekatzen die oraindik Gasteizko Txosna Batzordeak. Beraz, beto politikoaren aurka lanean jarraitzen dute Bada Garaia ekimenetik, eta hitzordu baten berri eman dute uztailaren 24rako, Santiago bezperarako: bertso-poteo bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean barrena, "denontzako jaiak" erreibindikatzeko.

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, Faroloitik, eta hiru bertsolarik abestuko dute: Onintza Enbeitak, Sustrai Colinak eta Peru Abarrategik. Bertso-poteoaren ostean, Gasaltza Txaranga eta DJ KA arituko dira iluntzea girotzen, Kutxi kalean. 

Maiatzaren bukaeran aurkeztu zuten Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde ekimena, betoaren aurkako kanta baten eskutik. Euskal Herriko 450 kulturgilek baino gehiagok sinatu dute Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko duen eskubidearen aldeko idatzia.