ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/31 19:35

Berriki argitaratutako adierazpenean, Gazte Koordinadora Sozialistak "krisialdi kapitalista" modura ezaugarritu du "gizartean areagotzen ari den pobrezia egoera", situazio hori "kapital metaketa ziklo baten agorrerak eragin" duela azalduta. Horrek guztiak "kapitalaren berrantolaketa" bat ekarri duela diote GKSko kideek, eta "ondorio zuzenak" jasaten dituela gazteria proletarioak ere: "Enpresari handientzat gazteria etorkizuneko lan-indarra da".

Modu horretan kokatu dituzte, besteak beste, gazteria proletario horren baldintza ekonomikoek okerrera egin izana eta, orokorrean, "burgesiaren dominazioak forma eta funtzio ugari hartu" izana; seinalatuta "lan-indar merke, kualifikatu (burgesiaren erregimen ekonomikoarekiko) eta obediente gisara nahi" dutela gazteria gizarte kapitalistan, eta "horretarako antolatzen dituztela dena delako burges-instituzioak".

HEZKUNTZA SISTEMA, DOMINAZIOAREN ISPILU

GKSko kideek azpimarra egin diote, zentzu horretan, hezkuntza-sistemak gizarte kapitalistan duen funtzioari. "Gazteriaren gaineko diziplinamendua zein bere baldintzapen proletarioa gero eta nabarmenagoak" direla salatu dute, azken urteetan, hezkuntza-sistema "edukiz husten" ari direla eta "gero eta askatasun gutxiagoko espazio bihurtzen" ari direla ohartarazita. Horren adibide modura aipatu dute Espainiako Estatuko unibertsitateetarako "oraintsu proposatu den zigor-lege berria, LOSU".

Hezkuntza-sistema, beraz, "lan-indarraren nolakotasuna ezaugarritzeko" eta "gazteria obedientzian ohitzeko" ezinbesteko tresna dela adierazi dute, eta ondorio hori azaleratzen dutela ikasturte amaierek.

LAN-MERKATUA ERE ADIERAZLE

Bestalde, lan-merkatu kapitalista ere jarri du jo-puntuan GKSk, zehazki udan sortzen den lan-merkatu motari erreferentzia eginda. Gutxietsitako enpleguak, ordezkapenak nahiz aisialdiarekin lotutako enpleguak ohikoak izaten direla esan du, eta "gazteriaren zati handi bat baldintza proletarioetan lan egitera kondenatuta" egoten dela. Izan ere, udan "soldata baxuek, kontratu gabeko lanek, ordaindu gabeko gehiegizko orduek, lan arriskutsuek, aldi baterako lanek eta abar luze batek ezugarritutako" enpleguak nagusitzen direla ohartarazi du.

ZAMA ETA AUKERA DESBERDINTASUNA

Gazte proletarioen artean klase zapalkuntzak hartzen dituen hamaika forma horien bitartez, burgesiaz gain, "klase ertaineko zenbait sektore ere elikatzen direla" salatu du GKSk. Gainera, hausnartu du "gazte langileon eta, oro har, proletariotzaren bizkar gainean" jarritako zamak ahalbidetzen dituela "udako zenbait lan-prozesu, aisialdi eredua eta turismoa". "Horrek, besteak beste, klase ertainak eta proletariotzak aisialdirako dituzten aukera eta gaitasunak guztiz ezberdinak direla argi eta garbi uzten du", gaineratu du.

Udak, hortaz, "gazte proletarioen zapalkuntza egoera bistaratzen" duela ondorioztatu dute GKSko kideek; aurretik aipatutako forma zehatzekin batera izan dituzte gogoan "egiturazko langabezia, askatasun politikoen urraketa, kriminalizazioa eta errepresioa, pobrezia, eta kultur dekadentzia". Hala, dei egin dute antolakuntza komunistaren bidez "dominazio burgesaren aurpegi desberdinak borrokatzera".

NO HAY COMENTARIOS