ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: mondraberri.eus
2021/09/18 16:43

Sare plataformak, izatez, Arrasaten (Gipuzkoa) martxa bat egitera deitu zuen gaurko, 7/2003 legediaren aurka. Neurri horren atzean presoei ezarritako "bizi osorako zigorrak" ezkutatzen direla salatzea zen asmoa.

Horren harira, Voxek, Alderdi Popularrak eta Voces del Terrorismo elkarteak ere Arrasatera bertaratzera deitu zuen, "ETAren biktimak babesteko". Sarek, beraz, atzo jakinarazi zuen bertan behera utziko zuela martxa, "konfrontazio espaziorik ez elikatzeko". Martxaren ordez, tokian toki deitu zituen mobilizazioak, nahiz eta Arrasaten kontzentrazio bat egiteko deialdia mantendu zuen.

Gaur eguerdian, hala, elkarretaratze bat egin dute Arrasateko Monterron plazan, Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea aldarripean.

Mobilizazio hori zela-eta, Alderdi Popularrak 10:30ean egin du ekitaldi bat Arrasaten, ETAk Ortega Lara eraman zuen tokitik gertu. Minutu bateko isilunea egin dute "terrorismoaren biktimak omentzeko", eta esan dute omenaldi bat zela Sareren deialdia ere.

Bestalde, Vox alderdiak eta Voces del Terrorismok deituta, hainbat pertsona 12:00etan elkartu dira Arizmendiarrieta plazan; tartean, Santiago Abascal Voxeko presidentea. Orduan ere salatu dute Unai Parot preso politikoari egindako omenaldi bat zela Sareren mobilizazioa.

Bi "kontra-deialdi" horien harira, 11:30ean egin dute beste kontzentrazio bat herriko plazan, Faxismoaren aurrean antolakuntza eta borroka lelo hartuta. Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da goizetik, eta hain justu, protesta antifaxistaren ostean esku hartu dute ertzainek: tentsio uneak izan dira Arizmendiarreta inguruan, Voxen eta Voces del Terrorismoren elkarretaratzea babesten ari baitziren poliziak.

Ekitaldi horren aurka protesta egiten ari zirenen aurka oldartu da azkenean Erzaintza, eta kargak izan dira; besteak beste, foam jaurtigailuak erabili dituzte poliziek. Inguruan zegoen adineko pertsona bat lurrera erori da kargen ondorioz, eta zauri bat jasan du buruan. Ospitalera eraman dute.

NO HAY COMENTARIOS