ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteiz.
2023/11/20 10:15

Joan den asteburuan, mobilizazioak egin ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Gasteizen (Araba) eta Legazpin (Gipuzkoa), bideo-zaintza kameren eta, orokorrean, kontrol sozialaren kontra. Bi udal horiek kontrol sozialerako ezarritako kamera berrien aurka agertzeaz gain, beraz, kontrol sozialaren kontrako aldarri ozen bat egin dute ehunka gazte langilek; Legazpin ostiralean, Legazpin kamerarik ez. Kontrol soziala gelditu! lelopean, eta Gasteizen larunbatean, Kamerak ez. Gazteria langilea kontrol sozialaren aurka zioen pankarta bati helduta.

Legazpin, borrokan udalak kamerak kendu arte

Hainbat astez Legazpiko Udalak (EAJ) jarritako kamerak seinalatu ostean, Goierriko GKSk deituta, hainbat eta hainbat gaztek berriz exijitu zioten udalari kamera berriak ken ditzala. Salatu zuten udalak, "eskura dituen baliabideak gizartearen ongizaterako erabili beharrean, kontrol sozialerako mekanismoak areagotzea lehenetsi" duela, "oinarrizko askatasunen eta eskubideen deuseztapenean oinarritutako joeran sakonduz".

"Kamerak jartzeko erabakia, ongizatearen eta segurtasunaren aitzakiapean saldu badigute ere, norberaren intimitatearen eta antolatzeko eskubidearen aurkako kontrol mekanismo bat gehiago da", azaldu zuten GKSko kideek: "Kontrol soziala ez baita informazioa sistematizatzea, informazio hori guztia burgesiarentzat eskuragarri eta erabilgarri izateko moduan ordenatzea baizik, klase horren onurarako, eta ez guztion onerako". Ohartarazi zuten agintarientzat "premiazkoa" dela "proletalgoaren gaineko erabateko kontrola izatea", eta horri lotuta dagoela "kontrol sozialaren helburu nagusia": "klase menderakuntzarekin", alegia.

"Dominazio forma oro deuseztatzeko bidea", hain zuzen ere, "klaserik gabeko gizartearen eraikuntza" dela nabarmenduta, kontrol sozialaren kontra lanean jarraituko duela esan zuen mobilizazioan Goierriko GKSk: "Guk borrokan jarraituko dugu, Legazpiko Udalak herrian ezarritako kamera horiek kendu arte".

100 kamera adimendun Gasteizen

Gasteizko erdigunean, bestalde, larunbatean egin zuten manifestazio bat. Urrian salatu zuen GKSk adimendun bideo-zaintza sistema bat ezarriko duela hiriburuan Gasteizko Udalak (PSOE): 100 kamera baino gehiago izango dira denera, eta badirudi laster ezarriko dituztela horietatik hamazazpi, erdigunean. Horren harira deitu zuten mobilizatzera GKSko kideek, azpimarratuta kontrol sozialerako baliabide bat gehiago izango dela adimendun sistema berria, "hiritarren segurtasuna" aitzakiatzat hartuta.

Kameren ezarpen masibo hori, baina, ez da udalak kontrol soziala gogortzeko hartutako neurri bakarra. Neurri horien artean aipatu ditu GKSk, esaterako, udaltzain kopurua areagotzea eta euren ekipamenduak berritzea; udaltzainen polizia-etxe adimendun berria; telefono mugikorren bidez monitorizatutako kontrol-sentsore berriak; graffitiak egiten dituzten pertsonen kontrako jazarpena eta horiek salatzeko bulego digitala, edota bideo-zaintza etengabea garraio publikoan.

Gasteizko GKSk azpimarratu du langile klasea menderatzeko erabiltzen direla baliabide horiek guztiak, baita "proletalgoaren jarduna zelatatzeko eta zigortzeko" ere. Berriz deitu du, hortaz, "areagotzen ari den kontrol sozialari aurre egitera eta neurri autoritarioen aurka antolatzera".

NO HAY COMENTARIOS