ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Gasteiz Hoy
2024/04/18 11:47

Aurreko urtean behargin bat kaleratu zuten Gasteizko (Araba) Michelin enpresan, zigor-espediente baten bidez, epaiketa batean lekuko modura parte hartu eta gero. Modu bidegabean kaleratutako beste langile baten epaiketan deklaratu zuen, eta, kasualitatez, horren ostean bidali zuten kalera bera ere.

Behargin horri babesa emateko, elkarretaratze bat egingo dute Michelinen hurrengo astelehenean, apirilaren 22an. 13:30etik 14:30era izango da protesta, CGT, ELA, ESK eta LAB sindikatuek deituta. Aipatutako langileak jasandakoaz gain, enpresako "gehiegizko eta justifikaziorik gabeko kaleratzeak" salatuko dituzte.

Izan ere, jakinarazi dute gora egin dutela kanporatzeek enpresan. 2023an hamabost behargin kaleratu zituzten, eta aurten, jada, beste lau edo bost kasu izan dira. Alderaketa modura, sindikatuek esan dute, lehen, urtean hiru edo lau langile botatzen zituztela denera.

Diziplinazko erregimena

Kaleratzeen gorakadaren arrazoia argi seinalatu dute langileek: iazko mobilizazio eta greba indartsuak. Enpresa diziplinazko erregimen bat ezartzen ari dela jakinarazi dute, askotarikoak baitira azken urtean langileen kontra hartu dituen neurriak: iazko abenduan onartu zuen Gasteizko lantokiko 150 beharginen kaleratze masibo "ez-traumatikoa", azaroan atera zen argitara Gasteizko eta Lasarteko 176 langile botako zituela eta lan-egutegiak aldatuko zituela, urrian ohartarazi zuen Arabako ekoizpena murriztuko zuela langileen protesten ondorioz, eta abar.

NO HAY COMENTARIOS