ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tubacexeko langileen protesta bat. Argazkia: ELA
2021/02/04 18:55

Tubacex enpresak bi planta ditu Euskal Herrian, Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba), eta 800 langile inguruk jarduten dute horietan. Pandemia hasi zenetik, aldi baterako enplegu-erregulazioko bi espediente ezarri ditu zuzendaritzak eta, tentsio handiko negoziazioak tarteko, 150 langile kaleratuz dirua "aurrezteko" asmoa adierazi zuen udan. 

Igandean amaituko da azkeneko espedientearen epea eta, horri jarraipena emateko, txosten berri bat irekitzeko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak aurreko asteartean, otsailak 2. Orain arteko espedienteek hilean 700.000 euro "aurreztea" ahalbidetu diete zuzendaritzari; alegia, lau milioi euro maiatzetik otsailera bitartean.

Aldi baterako enplegu-erregulazioaz gain, ordea, datorren astelehenean espediente berri bat ere indarrean sartuko duela aitortu du zuzendaritzak eta, aurreko dossierrekin ez bezala, zuzeneko eta behin betiko kaleratzeak ezarriko ditu oraingoan.

Enpresak argudiatu du hamahiru milioi euroko galerak izan zituela 2020an eta "arrazoi objektiboei" erantzungo dietela iragarritako kaleratzeek. Urte horretan, baina, 236,9 milioi euroko likidezia zuela aditzera eman zuen enpresak; 2024. urtera arteko maileguak ordaintzeko adina diru baduela adierazi zuen.

Tubacexen akzioek gora

Kaleratzeen berri izan orduko, gora egin zuten Tubacexen akzioek. Enpresaren 650.000 titulu baino gehiago saldu ziren eta, zehazki, akzioen prezioak %8 egin zuen gora. Salerosketaren gorakadaren arrazoia akziodunek beraiek eman zuten, El Diario egunkariaren arabera: "murrizketak, langileentzak txarrak diren bitartean, onak dira akziodunentzat".