Hazten ari da kaleratzeak iragarri dituzten enpresen zenbatekoa: antza, Gestampek ere "doikuntzak" egin eta kanporatzeak jarriko ditu martxan. Bizkaian sortu zen autogintza multinazionala, eta 112 lantegi ditu mundu mailan, guztira, 43.000 soldatapeko langilerekin. Euskal Herrian, hain zuzen, 11 lantoki dira haren jabetzakoak. Oraindik ez du zehaztu non kaleratuko dituen beharginak, baina aurreikusi duenez, Europa mendebaldean nahiz Amerikan izan daiteke.
"Ibilgailu arinen ekoizpenak" behera egin duela adierazi du Gestampek, %45, eta ondorioz, enpresaren salmentak %30 jaitsi direla dio.
Zerrenda amaigabea
Gestampen iragarpen berri honi gehitu behar zaizkio Tubacexek, ITP Aerok, Aernnovak edota Siemens Guascorrek aurreikusitako kaleratzeak. Tubacexek Laudioko (Araba) eta Amurrioko (Araba) plantetan 150 langile kanporatuko ditu, eta Aernnovak, langileen %20. Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia. ITP Aerok 600 behargin kaleratuko ditu, eta lau lantegi ditu Bizkaian. Siemens Guascorrek, ordea, 10 langile bidaliko ditu kalera Zumaian (Gipuzkoa).
Bestalde, aurrera doa Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa zarratzeko prozesua. Une honetan, itxialdian eta baraualdian daude langileak. Arcelor Mittalek Aguraingo (Araba) fabrika itxiko du, Sapem, eta 14 langile sartuko dira langabezian.