Itxialdia eta gose greba egiten ari dira Agoizko Siemens Gamesako langileak, haien lanpostuen defentsan

Iruñeko San Lorenzo elizan egingo dute 24 orduko itxialdia Agoizko Siemens Gamesako beharginek, bihar goizera arte. "Argi izan dezatela guztiek amaierara arte borrokatuko dugula", esan dute gaur.
Argazki Nagusia
Argazkia: SER Navarra
2020ko uztailaren 30a

Aurrera doaz Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako langileen mobilizazioak: Iruñeko (Nafarroa) San Lorenzo elizan 24 orduko itxialdia eta gose greba egingo dute gaur. 11:00etan ekin diote itxialdiari, haien lanpostuen defentsan, eta Agoizko fabrika ez ixteko eskatzeko. Espainiako Polizia goizean bertan bertaratu da elizara, eta irteteko eskatu die beharginei.

"Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta, oro har, herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten politika sutsu eta eskrupulugabearen biktima garela, eta, diru gehiago irabazteko, ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea. Baina argi izan dezatela guztiek amaierara arte borrokatuko dugula", adierazi dute langileek.

Bihar 11:30ean amaituko da gaur hasitako protesta, eta aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraituko dute.

Ekainaren amaieran jakinarazi zuten Siemens Gamesak Agoizko lantegia ixteko asmoa duela, eta horrekin batera, martxan jarri duela han soldatapean jarduten duten 239 beharginak kaleratzeko prozedura.