ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kaleratzeen kontra ari dira borrokan Altsasuko Sunsundeguiko langileak.
2025/01/08 08:18

Espainiako Estatuko Lan Ministerioak 2024ko aurreneko hamar hilabeteei buruzko hainbat datu argitaratu ditu, eta joera nabarmen bat erakusten dute langileen kontra enpresaburuek hartutako neurriei dagokienez: urtebetean %11,6 egin dute gora kaleratze kolektiboek, eta %68,1 igo dira 2022ko urritik. 2023an izan zen igoerarik handiena, pandemian ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak iraungitzearekin batera, %50 egin baitzuten gora kaleratzeek, 29.234ra iristeraino.

2013tik bildutako daturik altuenak dira horiek. Zifrei urtez urte erreparatuz gero, ondoko bilakaera ikus daiteke: ofizialki 30.452 langile kaleratu zituzten 2014an, 20.049 2015ean, 20.063 2016an, 17.165 2017an, 16.389 2018an, 24.607 2019an, [2020ko daturik ez du eman ministerioak, pandemia salbuespen-egoera bat izan zela iritzita], 39.231 2021ean, 19.476 2022an, 29.234 2023an, eta 32.732 2024an.

Erregulazioko neurrien artean, kaleratzeak berriz ere gora

Espainiako Gobernuaren azken lan-erreformak, Yolanda Diaz buru izanda, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak bultzatzen zituen; teorian, beharginen kontratuak bertan behera geratzea eta kaleratze masiboak aplikatzea ekiditeko. Baina badirudi enpresariek hartutako neurriak ez doazela norabide horretan: lanaldiak "behin-behinean" murrizteko eta geldiarazteko espedienteen (kaleratzeen nolabaiteko alternatiba modura saltzen direnak) eragina %25,6 jaitsi da urtebetean, eta %61 egin du behera 2022ko urritik. Guztira, halako 90.048 espediente erregistratu zituzten 2024ko urria bukatzerako.

Dena den, Lan Ministerioaren datu horiek ez dituzte aintzat hartzen itxuraz DANAk areagotutako espedienteak eta automobilgintzan hartutako azken neurriak: ustez, kaleratzeak saihesteko, aldi baterako espedienteen alde egin dute sektore horretan. Kaleratzeak izan edo aldi baterako neurriak izan, ordea, beharginak dira beti kaltetuak.

Nolabaiteko enplegu-erregulazioko neurriren bat ezarri dieten langileen artean, hala, gora egin du zuzeneko kaleratzeak aplikatu dizkietenen kopurua, eta gainditu egin da duela hamarkada bat erregistratutako ehunekoa. 2014an, erregulazio-neurriren baten menpe zeuden beharginen artean, %23,1 ziren zuzenean kalera bidalitakoak. Pandemiaren eskutik ehuneko hori nabarmen jaitsi bazen ere ("behin-behineko" neurri malguak nagusitu ziren enpresetan; kaleratzeak %7,2ra jaitsi ziren 2021ean eta %7,8 izan ziren 2022an), gerora portzentajeak lehengoratu dira. 2023an %19,5era igo zen kalera botatako langileen ehunekoa, eta 2024an, %26,7ra.

NO HAY COMENTARIOS