Junts per Catalunyak atzo iragarri zuenez, osoko zuzenketak egingo dizkie Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege guztiei eta Kongresura doazen lege guztiei, Estatuko Aurrekontu Orokorrak barne. Miriam Noguerasek, Juntsek Kongresuan duen bozeramaileak, esan du "ezin dela legerik onartu" bere botorik gabe. Defendatu du Pedro Sanchez presidenteak "lehen egunetik" dakiela Juntsek ez duela bozkatzen Espainiako Estatuaren "egonkortasuna" bermatzeko, "Kataluniaren interesen alde" baizik. Gobernuak "ahalmen legegilea galdu du" hala, Noguerasen hitzetan.
Alderdiak dagoeneko osoko zuzenketak aurkeztu dizkie 25 legeri, eta Parlamentura iristen diren proposamen berriei ere betoa jarriko omen die. Blokeoak funtsezko arau batzuei eragingo die, hala nola Bolaños Legeari edo Begoña Legeari (justiziaren modernizazioari eta herri-akusazioari buruzkoak), bai eta gastuen gehienezko mugari eta aurrekontuei ere. Moncloako iturriek diote, EFEren arabera, "eskua beti luzatuta" dutela eta "elkarrizketarako prest" daudela, "konpromisoak betetzen" dituztela aldarrikatuz.
Europako funtsak jasotzeko beharrezkoak diren sei legetara hedatzen da blokeoa, El Mundo-ren esanetan. Betoa jarritako arauen artean egongo lirateke industriari buruzko legea, familiei buruzkoa, Osasun Sistema Nazionalaren Ekitateari buruzkoa eta itsas-arrantzari buruzkoa, guztiak ere 90.000 milioi eurotik gorako ordainketak jasotzeko Europako Batzordearekin egindako akordioei lotuak.
Hala ere, Juntsek zehaztu du hiru lege babestuko dituela, aldez aurreko akordioekin zenbait kasutan. Horien artean daude bezeroentzako arretaren ingurukoak, "ekonomia sozialari", zinemari eta "mugikortasun jasangarriari" lotutakoak, baita ELAko gaixoentzako laguntzen dekretua ere. Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak onartu du "erreforma garrantzitsuak" egin beharko dituztela Bruselako funtsak kobratu ahal izateko.