ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostiako Itaiak deitutako elkarretaratzea. Argazkia: Donostiako Itaia
2021/02/01 20:25

Aurreko astelehenean, urtarrilak 25, 19 urteko gizonezko batek bere bikotekideari eraso egin zion Donostiako (Gipuzkoa) hotel batean, bortxatzen saiatu baitzen. Horren harira, Donostiako Itaiak elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean udaletxearen atzeko aldean, sexu-erasoa salatzeko eta erasoa jasan zuen emakumeari elkartasuna adierazteko. Guztira, 130 pertsona inguru elkartu dira protestan.

Itaiako kideek "antolakuntzarako beharra" azpimarratu dute elkarretaratzean: "Indarkeria matxista ororen aurrean, antolatzeko hautua berresten dugu. Emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatu, eta lan egingo dugu egoera horietatik askatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta sozialak garatzeko bidean".

2021. urtearen errepasoa

Urtarrilean Euskal Herrian agerian geratu diren indarkeria matxistaren adierazleak salatu ditu Itaiak. Esaterako, gogoan izan du gaur modelo enpresa bateko nagusia epaitu dutela 129 emakume biluzik grabatzeagatik, edota urtarrilaren lehenean, sexu-esplotazioko arrazoiak tarteko, Aintzane Pujana donostiarra erail zutela Aizarnazabalen (Gipuzkoa).

Hori dela eta, indarkeria matxista fenomeno isolatu izatetik "urrun" dagoela adierazi du, eta eraso horiek egiten dituzten gizonak sektore ezberdinetakoak direla gehitu du: "Indarkeria matxista ez da estatu-aparatuen bitartez soilik egikaritzen, emakume langileok egunerokotasunean jasaten ditugun eraso asko eta asko langile klasearen eskutik jasotzen baititugu: izan senar autoritarioa, sexu-erasotzailea, laneko arduraduna edo gu isilarazten gaituzten lagunak", diote Itaiako kideek. Salatu dute "emakumearen subordinazio egoeraren betikotzean" kolaboratzen dutela aipatutako figura horiek.

Erakunde publikoek eta administrazioak erantzukizuna dutela ere esan du gaurkoan Donostiako Itaiak, eta indarkeria matxistari aurre egiteko eskaintzen dituzten baliabideen mugak agerian geratu direla azpimarratu du: "Etengabeko itxurakeriak egiten dituzte".