Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoak, familia bat etxegabetu zuen Gasteizen aurreko astean: indarkeria matxista jasan duen emakume bat eta bere alabak bota zituen euren etxetik, Ertzaintzaren bidez egindako desalojo batean. Kaleratzearen aurka protesta egitera bertaratu ziren Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, eta haien aurka oldartu zen Ertzaintza.
Bada, etxegabetzea justifikatu du EAEko Etxebizitza sailburuak, Denis Itxasok (PSOE). X sare sozialean, Alokabidek Gasteizen gauzatutako etxe-kaleratzeaz kexu zen erabiltzaile bati honela erantzun zion Itxasok: "Agian kasu horren alderdi guztiak ezagutu beharko zenituzke. Izugarria baita. Alokabidek ez du besterik gabe kaleratzen. Ziur egon zaitezke. Pertsona batzuek, beren jarrerekin, etxebizitza babestu bat eskuratzeko beharrezkoak diren merezimenduak galtzen dituzte".
Jaurlaritzak familia bat bere etxetik bota izana babesten duen bitartean, Itxasok adierazi du joan dena "aste gako" bat izan dela etxebizitza-politikei dagokienez, Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Planari eta Jaurlaritzak onartu dituen "larrialdi-neurriei" erreferentzia eginez.