Espainiako Poliziak 1991ko ekainaren 6an atxilotu zuen Raul Fuentes preso politikoa, eta Indautxuko (Bilbo, Bizkaia) komisariara eraman zuen. Atxiloaldian bortizki torturatu zuten, eta hainbat lesio eragin zizkioten torturatzaileek, esaterako, parestesia hatzetan, "arkatzen tortura" deiturikoaren erakusle. Orduan egin zieten entzungor, lehenengoz, Fuentesek azaldutako tratu txarrei.
2018an aurkeztu zuen 1991n jasandako torturengatiko salaketa formala, baina artxibatu egin zuten Espainiako Estatuko auzitegiek, argudiatuta preskribaturik zeudela gertakariak. Erabakiarekin bat egin zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegiak eta Konstituzio Auzitegiak.
Hori ikusita, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordera jo zuen Fuentesek, eta hark joan den apirilean eman zuen Espainiako Estatuaren aurkako ebazpena: batzordeak esan zuen "sinesgarria" dela preso politikoak salatutakoa eta, 1991n, biktimak oraindik salaketa formalik jarri ez bazuen ere, ikertu egin behar zela torturarik izan ote zen edo ez, ezaguna zelako hark egindako kontakizun ikaragarria. NBEk gaineratu du, bestalde, torturengatiko delituak ez direla preskribatzen.
Horren ondoren, teorian, esku hartzeko betebeharra zeukan Espainiako Estatuak, baina ez du egin. GEBehatokiaren esanetan, "Espainiak 90 egun zituen erabaki hori betetzeko neurriak hartzeko eta Torturaren Aurkako Batzordeari horren berri emateko, baina ez du egin. Torturatzaileak identifikatuta daude eta haien izenak sumarioan jasota daude".
Horiek horrela, pairatu zituen torturengatiko kausa irekitzeko eskaerari eusten dio Fuentesek, eta babesa eman dio, besteak beste, Euskal Herriko Torturatuen Sareak. "Espero dugu bide honek balio izatea Espainiako Estatuko hainbat aparatuk tortura politikoaren aplikazioan izan duten erantzukizuna ezkutatzeko eraikitako zigorgabetasun-horman arrakalak irekitzeko", adierazi du sareak.