ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Mohammed Abed/AFP
2024/10/04 14:52

Bertan da palestinar erresistentziaren urriaren 7ko altxamenduaren urteurrena, eta, geroztik, 41.000 palestinar baino gehiago erail dituzte ofizialki sionistek. The Lancet aldizkariaren arabera, 186.000 izan daiteke benetako zifra, zauriek edo goseak hildako guztiak kontuan hartuz gero. Alabaina, genozidioa ez da amaitu: Palestina bonbardatzen eta erasotzen jarraitzen dute sionistek, hamaika pertsona gehiago erailez eta zaurituz. Urtebeteko epeak, dena den, aukera ematen du sarraskiaren dimentsioa ulertzeko.

Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundearen azken analisien arabera, ume gehiago erail dituzte sionistek Gazan urtebetean, azken bi hamarkadetako edozein gatazketako denbora-tarte berean baino. Action on Armed Violence (AOAV, ingelesezko sigletan) taldearen arabera, iazko urriaren 7tik, Gazako egitura zibilak eraso bat jasan du hiru orduan behin, batez beste.

Azaroko sei eguneko su-etena alde batera utzita, bonbardaketarik gabeko bi egun baino ez dira izan. AOAVren datuen arabera, sarraskia hasi zenetik, armada sionistak batez beste lau orduan behin erasotzen die palestinarren etxeei; hamazazpi orduan behin aterpe eta babeslekuei, lau egunean behin eskola eta ospitaleei, eta hamabost egunean behin biltegi eta laguntza-banaketa puntuei.

Armada sionistak [...] lau orduan behin erasotzen die palestinarren etxeei; hamazazpi orduan behin aterpe eta babeslekuei, lau egunean behin eskola eta ospitaleei, eta hamabost egunean behin biltegi eta laguntza-banaketa puntuei

Bonbardaketa amaigabe horren eraginaren datu batzuk ematearren, Gazako bide eta errepide guztien %68 suntsitu ditu armada sionistak, bai eta ospitale guztien erdia ere; hamazazpi osotara, zeuden 36 zentroetatik. Gainera, Save The Children erakundearen esanetan, egunean hamar umek baino gehiagok galdu dute gorputz-adarren bat genozidioa hasi zenetik, eta 25.000 inguruk gurasoren bat galdu dute, horietako gehienak umezurtz geratu direlarik.

Gazako berun-euria

Bigarren Mundu Gerran, Dresden hiriaren bonbardaketan 4.000 tona lehergai jaurti zituzten; Hiroshima eta Nagasakin, bonba atomikoekin, 15.000 tonara iritsi ziren, eta naziek Londresen egindako bonbardaketan 20.000 tona bota zituzten. Hirurak baturik, lehergai kantitatea ez da 40.000 tonara heltzen.

Gazako Zerrendan, urtebetean, 75.000 tona lehergai baino gehiago jaurti dituzte sionistek, 2024ko irailera bitartean behintzat. Zifra horiek hobeto ulertze aldera, Baztanen (Nafarroa) tamaina du Gazak, eta bertakoek ezin dute inora ihes egin, ez eta janaririk, urik edo sendagairik lortu.

Dresden hiriaren bonbardaketa [...]; Hiroshima eta Nagasaki [...] eta naziek Londresen egindako bonbardaketa [...] baturik, lehergai kantitatea ez da 40.000 tonara heltzen. Gazako Zerrendan, urtebetean, 75.000 tona lehergai baino gehiago jaurti dituzte sionistek

Armagabeak erailtzen

Urriaren 7ko altxamenduaren ondoren, sionistek erabat itxi zuten Gazako Zerrenda, hau da, edozein motatako laguntza-humanitarioa sar zedin ukatu zuten, pasabide oro moztuz. Hala, iazko urrian janariz eta sendagaiz betetako 241 kamioi baino ez ziren sartu Gazan, ordura arte ohikoena laukoitza zenean.

Harez gero, bidalitako laguntza-kamioi kopuruak gora egin du, eta aurtengo apirilean jo du goia 6.600 kamioirekin. Zifra altua dirudien arren, dagoen beharrarekin alderatuta oso urria dela adierazi du Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA). Apiriletik uztailera bitarte, kopuru hori murriztuz joan da eta, uztailean (azken datu erabilgarria), 4.000 kamioi baino ez ziren sartu jada.

Aire bidez iristen zen laguntza, aldiz, zuzenean eten da: 2024ko martxoan eta apirilean guztira 8.000 laguntza-pakete jaurti baziren, maiatzean 1.000, ekainean 300 eta uztailean 86 baino ez ziren izan. Laguntza humanitarioa sartzen ez uztea sionisten estrategiaren parte da, sarraskiarekin jarraitzeko, baina armarik erabili gabe.

UNRWAren datuen arabera, Gazako populazioaren laurdena baino gehiago (%26) aurkitzen da "gose-egoera katastrofikoan", eta gehiengoa hil egin daiteke Zerrendara sartzen den laguntzaren tamaina iraultzen ez bada

UNRWAren datuen arabera, Gazako populazioaren laurdena baino gehiago (%26) aurkitzen da "gose-egoera katastrofikoan", eta gehiengoa hil egin daiteke Zerrendara sartzen den laguntzaren tamaina iraultzen ez bada. Izan ere, Euro-Med Giza Eskubideen Monitoreak kaleratutako datuen arabera, Gazako nekazal-lurren %80 suntsitu dituzte sionistek, epe luzera begira bertan ezer landatzea ekidinez.

NO HAY COMENTARIOS