AKTUALITATEA / Faxismoa

Azken bost urteetan gutxienez hamalau lagun erail dituzte Frantzian, eskuin muturreko ideiek bultzatuta

Irailaren 7an hasi zen Martin Aranburu erail zuten bi faxisten aurkako epaiketa; eta, salbuespena izatetik urrun, antzerako kasuak ekarri ditu gogora auziak. Gertakariek argi erakusten dute: hazten ari da etorkinen eta arrazializatutako biztanleen aurkako biolentzia.
2026eko irailaren 21 - 06:44
Azken bost urteetan gutxienez hamalau lagun erail dituzte Frantzian, eskuin muturreko ideiek bultzatuta
— ARGAZKIA ici.fr.com

Arrazakeriak nahiz xenofobiak bultzatuta, hazten ari da etorkinen edo arrazializatutako biztanleen aurkako biolentzia. Izan ere, mundu osoan zehar nabari da ideia erreakzionarioen gorakada, faxismoaren normalizazioa, eta antzerako jokabideen zigorgabetasuna.

Hori dela eta, aproposa da nabarmentzea azken bost urteetan, 2022az geroztik, Frantzian gutxienez hamalau lagun erail dituztela, eskuin muturreko ideiek bultzatuta. Horrelako kasuak ekarri ditu gogora Federico Martin Aranbururen hiltzaileen aurkako epaiketak. Bi hiltzaileen aurkako auzia, hain zuzen, irailaren 7an abiatu zuten, Parisen; eta hilaren 25erako ebazpen bat edukitzea espero dute.

Federico Martin Aranburu: 2022ko martxoaren 19a

Federico Martin Aranburu 2022ko martxoaren 19an hil zuten Groupe Union Défense (GUD) eskuin muturreko taldeko bi kidek, Paris hiriburuan. Errugbi jokalariak Miarritzeko (Lapurdi) taldean jokatzen zuen, eta Shaun Hegartyrekin trago batzuk hartzera atera zen gau hartan, errugbiko Munduko Kopan aritzeko lehian sartu baitziren. Goizaldean, ordea, liskarra izan zuten GUDeko bi kiderekin, eta Martin Aranbururen aurka tiro egin zuten faxistek. Goizaldeko 06:00ak inguruan zendu zen 42 urteko gizona.

Erasotzaileek aurrekariak zituzten: 2015ean GUDeko kide ohi bat torturatu zuten; eta, legez, ezin zuten armarik eduki, ezta elkartu ere.

Éric Casado-Lopez: 2022ko maiatzaren 13a

Éric Casado-Lopez erail zuen Parisen Martin Lanoirrek, 2022ko maiatzaren 13tik 14rako gaualdean. Casado-Lopez eta bi lagun liskarretan zeuden beste pertsona batekin, Lanoir haiengana hurbildu zenean "egoera baretu asmoz". 15 segundo ere igaro ez zirela, 50 urteko kantautoreak arma atera eta tiro egin zion Casado-Lopezi. Hark 27 urte zituen, eta jatorri magrebtarrekoa eta espainiarrekoa zen.

Lanoirrek gaztea erailtzeko asmorik ez zuela adierazi arren, "patriota" bat zela adierazi zion Poliziari atxiloaldian. Gerora, gainera, argitara atera ziren Lanoirrek azken hamarkadan argitaratutako hainbat mezu: eduki konspiratzaileak; antisemitak, eta migratzaileak "zaborraren" parekoak direla adierazten zutenak, besteak beste. Anti-Smith deituriko talde bat ere bazuen Telegram sare sozialean; eta bertan, maiz, judutarren aurkako mezuak bidaltzen zizkien haren jarraitzaileei.

Mahamadou Cissé: 2022ko abenduaren 9a

Armadako kide ohi batek, 83 urteko Hocine A.-k, erregistratu gabeko arma batekin egin zion tiro Mahamadou Cisséri Charleville-Mézièresen (Ardenak), 2022ko abenduaren 9an. Ordu gutxi batzuk beranduago hil zen Cissé, aortan eragindako zauri larriengatik. Erasotzailea Cissé eta lagun-taldearen bizilaguna zenez, "sumindura" alegatu zuen Hocinek: bere aburuz, bizitoki-eraikinaren hasieran iskanbila handia sortzen omen zuten gazteek, eta igarotzea zaila omen zen. Haatik, epaiketan hitza hartu zuten gainontzeko bizilagunek eta lekukoek ez zuten inolako elkarbizitza-arazorik aipatu Mahamadou eta lagunekin. Cissék 21 urte zituen.

Hocine A. hiru delitugatik epaitu zuten (erailketa, erregistratu gabeko armak erabiltzea, eta agintaritza publikoaren zaintzapeko pertsona bati tiro egitea), baina espetxean urte erdia besterik ez zuen igaro.

Emine Kara, Mir Perwer eta Abdurrahman Kizil: 2023ko abenduaren 23a

Kartzelatik irten berritan, William M.-ek Paris erdialdeko zentro kultural kurdutar bati egin zion tiro 2023ko abenduaren 23an. Tiroketaren ondorioz, Emine Kara (48 urte, emakume kurduen aldeko aktibista), Mir Perwer (29 urte, abeslaria), eta Abdurrahman Kizil (60 urte, bisitaria) erail zituen gizonak, eta lokal barruan zeuden beste hiru zauritu. Lekura 25 kartutxo zituela heldu zen William, baita hiru kargagailu bete ere. Hainbat herritarrek arrazista atxikitzea lortu zuten, eta orduan esku hartu zuen Poliziak. Polizia-etxean atxilo zegoela, erasotzaileak "arrazista" zela onartu zuen.

69 urteko erasotzaileak errefuxiatuen kanpaleku bat eraso zuen 2021. urtearen amaieran, eta erasoa egin ondoren atxilo hartu zuten.

Angela Rostas: 2024ko otsailaren 22a

Franc B.-k eta Mathias A.-k Angela Rostas bizilaguna tirokatu eta erail zuten 2024ko otsailaren 22an, Chênexen (Auvernia-Rodano-Alpeak). Hiltzaileek ijitoen eta migratzaileen aurkako mezu ugari zabaldu zituzten sareetan, eta urtebete lehenago Rostasen autokarabanari su eman zioten. Erail zutenean, Angela Rostasek 40 urte zituen, eta haurdun zegoen.

Rostas familiak urte luzez pairatu behar izan du ijito bidaiarien aurkako jazarpena. Hori dela eta, Erromatik (Italia) Ginebrara (Suitza) alde egin behar izan zuten, eta Frantziara lekualdatu ondoren. Erretako autokarabanaz gain, hainbatetan pertsonen gorotzak ibilgailu ondoan topatu dituztela salatu du familiak. Atxiloaldian, zera adierazi zuen Mathias A.-k: "Pertsona horien aurka ez dut ezer, baina inguru hauetan dena baliatzen dute horrelako pertsonek. Inork ez du ezer esaten, eta mundu guztiak onartzen du ondorioz. Pertsona inbasoreak dira". Bi egun lehenago, beste karabana bat tirokatu zuen bikoteak inguruko herri batean, eta, lekukoen arabera, bala batek ia 13 urteko ume bat jo zuen.

Djamel Bendjaballah: 2024ko abuztuaren 31

Djamel Bendjaballah 2024ko abuztuaren 31n erail zuen Bigrade Patriote Française-ko (BPF) kide batek, kotxez harrapatuta, Dunkerqueko Capelle-la-Grande udalerrian. Erailketaren unean, Djamelen 10 urteko alaba bertan zen. Hiltzaileak, Jérôme Décofourrek, urte luzez jazarri zuen 43 urteko gizarte-hezitzailea: Bendjaballahk faxista salatu behar izan zuen, irain arrazistak eta umiliagarriak egin izanagatik haren eta bere bikotearen aurka; baita behin baino gehiagotan kotxez etxeko atarira jarraitu izanagatik ere. Décofourrek jokabideok aitortu zituen. Bendjaballahtarrak, sortzez, aljeriarrak dira.

Hurrengo ordu eta egunetan zehar, Poliziak eta epaitegietako funtzionarioak oso jarrera zabarrak izan zituzten Bendjaballahren gertukoekin; alabekin, bikote ohiarekin eta gurasoekin, bereziki: "Gure egoeraz abusatu dutela nabari dugu", adierazi zuen biktimaren arrebak. 

Décofourri dagokionez, BPF taldean militatzeaz gain, emakumeen eta etorkinen aurkako jokabideak maiz izan ditu: erditzeko uneak "gizonen kontuak ez direla" adieraziz; 2024ko ekainean, bikotearekin liskar bat izan ondoren, kotxean hura lotu eta desagertuz, eta armadako hainbat kiderekin batera Facebook sare sozialeko talde bat dinamizatuz, non honelako adierazpenak egiten zituen: "lausotu ditzagun talde honetako mezu arrazistenak eta islamofoboenak; bestela, zentsuratuko gaituzte".

Rochdi Laakhsassi: 2024ko azaroaren 20a

Rochdi Laakhassi Vosgos departamentuko saltzaile bat zen. 2024ko azaroaren 20ko arratsaldean, Chavelot udalerrian etxez etxe lanean ari zela, Noël Richarden etxeko atea jo zuen. Elkarrizketa eginda, Richardek tiro egin zion bizkarrean suzko arma batekin, eta tiroketak eragindako zauriengatik hil zen Laakhasi. Orduan, 34 urte zituen beharginak.

Richardek, 71 urteko erretiratuak, ez zuen adierazpenik egin epailearen aurreko bista azkarrean. Alabaina, haren nebak "oso gizon bortitza" dela adierazi zuen.

Hamid G. eta Hadi R.: 2024ko abenduaren 24a

Dunquerkeko erailketa boskoitza deituriko kasuaren baitan, Paul D. 21 urteko gazteak bi lagun erail zituen 2024ko abenduaren 24an, Loon Plageko (Dunquerke) errefuxiatuen kanpalekuan. Jatorri iraniarra zuten, eta, hurrenez hurren, 28 eta 20 urte zituzten.

Paul D.-k armak izateko baimena bazuen ere, bi astez prestatutako plana gauzatu zuen egun hartan; eta, bost suzko arma erabilita, bi gazte iraniarrez gain, beste hiru lagun erail zituen arratsalde hartan. Kazetarien arabera, bere burua "nazionalistatzat" zuen, eta bat egiten zuen familiaren eskuin muturreko ideiekin. Hori gutxi ez, eta sareetan magrebtar jatorriko biztanleriaren aurka zabaltzen zituen mezuak: "Arabiarrak lapurrak eta droga merkatariak dira".

Aboubakar Cissé: 2025eko apirilaren 25a

Olivierrek, 21 urteko gizonezko batek, Aboubakar Cissé 22 urteko gaztea erail zuen La Grand-Combre udalerriko (Okzitania) meskitan, 2025eko apirilaren 25ean. Eraikinera grabatuz sartu zen erasotzailea, eta Cisséri "zure Allah madarikatua" deitoratu ostean, 50 labankada inguru eman zizkion Aboubakarri. Fiskaltzaren arabera, Olivierrek bideoan zioen antzerako ekintza gehiago egiteko asmoa zuela. Bi egun beranduago, erasotzaileak Italiako polizia-etxe batean hilketa onartu eta bere burua entregatu zuen.

Erailketa hark kaleak astindu eta protestak piztuarazi arren, agintari politikoek anbiguotasun handiarekin heldu zioten gaiari: Marie Le Penek (Rassemblent National) ez zuen hiru egun pasatu arte adierazpenik egin; Emmanuel Macron (Renaissance) presidenteak bi igaro arte; eta Bruno Retailleou (Les Républicains) Barne ministroa eskualdera bertaratu bazen ere, horrelako adierazpenak egin zituen: "Ez naiz familiarekin harremanetan jarri. 'Afrika Beltzekoak' dira. Zaila, beraz, haiekin kontaktatzea". Horrez gain, Cisséren inguruan esan zuen "norbanakoa egoera irregularrean" zegoela.

Hichem Miroaoui: 2025eko maiatzaren 31

Aboubakar Cisséren erailketaren ajea igaro ez zela, beste lagun bat hil zuten Estatuan, Puget-Sur-Argensen (Var-Probentza): 2025eko maiatzaren 31n, Hichem Miroaouiri egin zion eraso suzko arma bidez Christopher B. bizilagunak. Biktimak 46 urte zituen, eta tunisiarra zen sortzez. Tiroketan, beste lagun bat zauritu zuen erasotzaileak: jatorri turkiarrekoa da bigarren pertsona hori. Christopherrek alde egin zuen, baina haren bikotekideak ohartarazi zuen Polizia. Ordu gutxiren bueltan, autoa eta erasotzailea atzeman zituen Poliziak: kotxean, eskopeta eta pistola bana aurkitu zituzten, baita hainbat arma automatiko ere.

Erasoaren aurretik eta ondoren, hiltzaileak zenbait bideo argitaratu zituen sare sozialetan. Horietan, etorkinen aurkako gorroto-mezuak eta ideia arrazistak zabaldu zituen. Bizilagun eta lekukoen artean, hainbatek adierazi zuten erasotzaileak islamiarrak gorroto dituela.

Ismaël Aali: 2026ko urtarrilaren 6a

Ismaël Aali 20 urteko gaztearen hilotza aurkitu zuten iragan urtarrilaren 6an, Prin lakuan, Loire-Sur-Rhône udalerritik (Auvernia-Rodano-Alpeak) gertu. Biharamunean, 21 urteko beste gazte batek eman zuen abisua komisarian; baina, hain zuzen, kamerek gazte hura identifikatu zuten bezperan Ismaëlekin batera lakuaren inguruetan. Balizko erasotzaileak aurrekari penalak ditu, jokabide xenofobo eta gorroto-mezuekin loturikoak. Itxura denez, lan-eskaintza bat egin zion gazteak Ismaëli.

Polizia-etxeko adierazpen kontraesankorrek susmoa piztuta, ustezko hiltzailea behin-behinean atxilotu zuten, "arraza, etnia, nazio edo erlijio arrazoiengatiko erailketa" leporatuta.

Eskuin muturreko biolentzia politikoaren susperraldia

Kasu guztiok ideia eta militante faxisten adierazpen agerikoenak besterik ez dira. Izan ere, Europolek berak seinalatzen duenez, eskuin muturreko terrorismo-ekintzak galarazteko, 69 lagun atxilotu dituzte azken urteotan, eta Barne Ministerioaren mende dagoen Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorrak (DGSI) ere antzeko ondorioak atera ditu: "Egun, suspertu egin da eskuin muturreko biolentzia politikoa". Nicolas Lerner DGSIko zuzendari ohiaren arabera, susperraldia lotuta dago "arrazen nahiz zibilizazio arteko gerren" eta "Ordezkapen Handiaren" konspirazio-teoriek onarpen handiagoa izatearekin. 2023an, antzera mintzatu zen Barne ministro izandako Gérald Darmanin ere: "Ultraeskuina mehatxurik handiena da. Hamar atentatu galarazi eta hainbat pertsona atxilotu ditugu".

Laburbilduz, mota horretako kasuek gora egin ez ezik, migratzaileen eta arrazializatutako biztanleriaren aurkako klima bortitza ari da normalizatzen Frantziako kaleetan, hainbat protesta-ziklo piztuarazi baldin badituzte ere erailketek eta jazarpen kasuek. Poliziak Nanterren Naël erail izana, faxistek Lyongo kaleak hartu izana edo Estatu Kontseiluak talde antifaxistak desegin izana dira ideia erreakzionarioen gorakadaren, horien zigorgabetasunaren nahiz Estatuaren biraketa autoritarioaren adierazle argi batzuk. Ondorioz, Federico Martin Aranburu ez zen "taberna bateko liskar" soil baten biktima izan: kontrara, ideia erreakzionarioek eta faxismoak geroz eta onarpen sozial handiagoa duten testuinguru batean erail zuten.