ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Apirilean egindako protesta, Pradoko 4. zenbakiko bizilagunen egoera zela-eta.
2023/09/12 09:56

Aurretiaz inolako jakinarazpenik egin gabe etxegabetu zituzten atzo hiru familia Gasteizen (Araba), tartean, adinez txikiko sei pertsona. Gasteizko Prado kaleko 4. zenbakian bizi ziren guztiak, iruzurrezko alokairuekin, eta azpierrenta egoeran. Etxe horien jabeek kaleratze-prozesu bat jarri zuten martxan, pisuak husteko, baina errentatzaile iruzurtien izenean; haienak baitira ofizialki jasota dauden izen-abizenak. Hortaz, egiaz Pradoko 4. zenbakian bizi ziren pertsonek ez zuten etxegabetze-prozesuaren berri izan, eta abisurik gabe kaleratu zituzten atzo.

Aurretik, gainera, epaitegietara jo zuten bizilagunek euren egoeraren berri izateko, eta esan zieten urriaren 3rako zegoela ezarrita euren etxegabetzea. Atzo ez zieten inolako agindu judizialik erakutsi kaleratzean, familiek hainbatetan exijitu arren.

Euren etxeetatik kanporatuak izaten ari zirenean, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuari larrialdi-dei bat egin zieten bizilagunek. Hainbat pertsona bertaratu ziren Pradoko 4. zenbaki aurrera, etxegabetuak izaten ari ziren pertsonei babesa emateko eta etxe kaleratzearen kontra protesta egiteko. Ordurako, baina, barruan zeuden etxeen jabeak, segizio judiziala eta zenbait polizia-agente, eta kaleratzea gauzatu zuten.

Alternatibarik gabe, eta ohiko praktika bat

Bizitoki-alternatibarik izan gabe kanporatu dituzte Pradotik hiru familiak. Etxebizitza Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, larrialdietarako gizarte zerbitzuetara jo zuten atzo, baina epe oso laburreko berme bat baino ez zuten lortu: atzoko gaua igarotzeko toki bat baino ez zieten eskaini familiei gizarte zerbitzuek. "Lanean jarraituko dugu familientzat benetako alternatiba bat lortu arte", adierazi dute sindikatuko kideek.

"Etxejabearen biolentzia eta udalaren jarrera konplizea" salatu dituzte, atzoko gertakarien harira. "Ezker alderdiei ahoa betetzen bazaie ere, moratoriarekin eta Etxebizitza Lege berriarekin ere egunero gauzatzen dira etxegabetzeak", seinalatu dute: "Etxebizitza Legeak datarik gabeko etxegabetzeak debekatzen baditu ere, jabeen zein instituzioen ohiko praktika dira".

Iruzur handi baten biktima

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak apirilean eman zuen Pradoko 4. zenbakiko bizilagunen egoera larriaren berri. Iruzur egin zieten errentatzaileek: azpierrentan sartu zituzten geletan, baina inolako kontraturik ez zeukaten, alokairua ordaindu arren; erroldatze faltsuak egin zizkieten; argirik gabe utzi zituzten, eta etengabeko mehatxuak jasaten zituzten errentatzaile iruzurtien aldetik.

Iruzur-sare horretako hiru pertsona atxilotu zituzten udaberrian, baina "maizterren egoera ez zen hobetu", Etxebizitza Sindikatuko kideek ohartarazi dutenez: "kontraturik gabe, etxegabetze mehatxupean eta hornidura elektrikoa etengabe etenda" bizi behar izan dute azken hilabeteetan. "Udalak zein gizarte zerbitzuek, sare kriminalaren biktimak babestu beharrean, lehen baino babesgabeago utzi zituzten", gehitu dute.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista Bilbon (Bizkaia); tokian tokiko Kontseilu Sozialistek azken urteetan sortutako Etxebizitza Sindikatuen indarrak batuta sortutako tresna berria, Euskal Herri mailan. Hamalau aldarri zehatz jasotzen ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren proposamen politikoak; besteak beste, etxegabetze guztiak etetea.

NO HAY COMENTARIOS