Irunen, faxismoaren aurkako propagandari eraso dio Falangeak

Espainiako Falangeak faxismoaren aurkako propagandari eraso dio Irunen (Gipuzkoa), Plaiaundi ikastetxe inguruan. Bidasoko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) salatu duenez, "Faxismoa suntsitu" zioen margoketa handi bat estali dute faxistek: aldarri antifaxistaren gainean, "Faxismoa eraiki" eta "Arriba España" idatzi eta falangisten ikurrak ipini dituzte.

IASek biharko antolatu ditu mobilizazioak Euskal Herri osoan, faxismoaren eta oligarkiaren agenda inperialistaren aurka, eta horren atarian eraso dio propagandari Falangeak; han-hemenka, hamaika ikasle faxismoaren eta inperialismoaren kontrako aldarriak zabaltzen ari direnean. Irungo pintaketa faxistak ezabatu dituzte jada IASeko militanteek.

Eraso faxistak Bidasoan

Bidasoko kideek ohartarazi dutenez, eraso eta adierazpen faxista ugari izan dira eskualdean azken urteetan: "harrotasun zuria" erreibindikatzeko pintaketak Hondarribian, Moskuko Gaztetxearen eta Lakaxita Gaztetxearen kontrako erasoak, pertsona etorkinen aurkako margoketak Irungo Adiskidetuak elkartean, auzo-patruila eta elkarretaratze arrazistak eta abar luze bat izan dira.