Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko bizilagun bat etxegabetua izateko arriskuan dago, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez; sindikatu horretan antolatuta dago aipatutako bizilaguna. Bere gain duen "mehatxuaren" parte dira, hain zuzen, pisuaren legezko jabea nahiz azpierrentatzailea. Jabe horren hainbat pisu kudeatzen ditu azpierrentatzaile horrek, alokairu turistikora bideratzeko. "Jabe handi bat eta errentatzaile txiki bat elkarlanean ari dira negozioa egiteko eta pertsona baten sufrimenduaren kontura irabaziak lortzeko: etxetik bota nahi dute, pisua erabilera turistikora zuzendu eta errentagarriago egiteko", salatu du Etxebizitza Sindikatuak.
"Hiriguneetako auzoen turistifikazioarekin eta horren ondorioz jazotzen den etxebizitzen prezioaren zein zonaldeko bestelako zerbitzuen garestitzearekin, gure bizitokietatik eta auzoetatik kanporatuak gara", gaineratu du. Iruñerriko azken kasu hori "egiturazko arazo baten isla baino ez" dela ere azaldu du; alegia, "etxebizitzarik gabe geratzeko dugun etengabeko mehatxuarena". "Etxegabetze bakoitza aldi berean langile klase guztiari egiten zaion eraso eta abisu bat da; izan ere, gizarte kapitalista batean bizi garen bitartean, ez dugu bermatuta izango etxebizitzarako sarbidea", seinalatu du.
Etxebizitza Sindikatuko kideek, bestalde, azpimarratu dute "etxegabetze mehatxu bakoitzari aurre eginez ere" horiek ez direla amaituko; ez, behintzat, "ez badiogu arazoaren sorburuari aurre egiten". "Beharrezkoa da etxebizitzaren esparruan autodefentsa sozialista antolatzea, etxegabetzeei eta egunerokoan jasaten ditugun bestelako erasoei aurre egiteko eta, aldi berean, erroko arazoa seinalatzeko: gizarte kapitalista", aldarrikatu dute. "Abian jartzen dugun borroka bakoitzak ekarpena egin behar dio bidegabekeria nagusi den gizarte eredu hori gainditzeko prozesu bati. Estatu Sozialista eraikitzea helburu duen prozesua, hori baita berme bakarra etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izan dadin", zehaztu dute.
Salatu berri duten kasu zehatzari lotutako "hurrengo gertakarien" berri emango dutela ere esan du Iruñerriko Etxebizizitza Sindikatuak.
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak azaroan eman zuen Etxebizitza Sindikatuaren sorreraren berri. Joan den abenduaren 1ean aurkeztu zuten ekimen berria Iruñeko Geltokian.