ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Oskar Montero/Noticias de Navarra
2026/01/14 08:49

2016ko abenduaren 7an, bi emakume bortxatu zituzten bi gizonezkok Iruñean (Nafarroa), itxura denez, sumisio kimikoa erabilita. Lagunak dira biktimak, eta ez dute ia ezer oroitzen gauean gertatutakoaz, baina bideo-zaintzako kamera batzuek gerora erakutsi zutenez, Alde Zaharreko taberna batean egin zuten topo bi gizonekin.

Horren ondoren, ezagutzen ez zuten etxe batera eraman zituzten, baina ezer gutxi gogoratzen dute: batak bestearen oihuak, modu lausoan eta "flash" modura oroitzen dituzten sexu-harremanak... Emakumeetako bat biluzik esnatu zen gela batean, eta salan aurkitu zuen bere laguna, "erdi joanda", deskribatu izan duenez. Eta, bertatik irten zirenean eta hurrengo ordu eta egunetan, ebidentziak gehiago izan ziren: elkarri gorputzean ikusitako markak eta ubelduak, mina baginan eta masailezurrean... 

Epaileak kasua artxibatu zuen

El País-ek jakinarazi duenez, Raul eta David izena dute bi erasotzaile iruindarrek, eta 29 eta 31 urte zituzten 2016an. Instrukzio-epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen, bi gizonak deklaratzera deitu ere egin gabe. Fiskaltza ez zen bertaratu biktimen deklarazioa entzutera. Epaileak, gainera, entzungor egin zion ikerketan argitara atera zen elkarrizketa bati, bi erasotzaileen artean.

Hala zioen Davidek elkarrizketa horretan: "Sasoian egon nahi duzu, berriz ikusten baduzu neska horri jotzeko, ezta... Azkeneko aldian gogoekin geratu zinen [...]. Eta orain nahi duzuna da bera ukabilkadaka lehertzea". Eta ondokoa erantzuten zion Raulek: "Balio badizu, gaur trizepsa eta bizepsa landu ditut, beraz, ukabilkadaka bai". Zaintzako epaileari adierazi zioten biktimetako batekin "egon" zela Raul, baina instrukzio-epaileak ez zuen hari ezer leporatzeko arrazoirik ikusi.

Bruselaren kondena, bederatzi urteren ostean: irregulartasunak ikerketan

Erasoa izan eta bederatzi urtera, Espainiako Estatuaren aurkako ebazpena eman du Giza-Eskubideen Europako Auzitegiak, Iruñeko bi bortxaketa horiek ez ikertzeagatik. Ebatzi du irregulartasunak izan zirela ikerketan, eta El País-ek azaldu duenez, horrek zerikusia izan dezake bortxatzaileetako bat ikerketan parte hartzen ari zen polizietako baten senidea izatearekin; bere koinatua zen, hain zuzen ere. 

Prozesuan ikusitako irregulartasunen artean, "Poliziaren zaintzapean zeuden bitartean potentzialki erabakigarriak izan zitezkeen frogak sistematikoki galdu eta manipulatu" zirela nabarmentzen du Estrasburgok. Horrekin batera, zalantzan jartzen du ikerketan "independentzia-bermeak" egon zirenik, eta uste du "modu nabarmen desegokian erantzun" zela "gabezia" horien aurrean. Nazioarteko auzitegiak dio, zehazki, agente batek eta ikertuetako batek "harreman familiar estua" izateak urratu egin zuela "eskatzen den independentzia-estandar minimoa".

Estrasburgok ebatzi du Espainiako Estatuko agintaritza judizialek eta polizialek ez zutela bete biktimek "tratu umiliagarririk" ez jasotzeko duten eskubidea, eta ez zela haien bizitza pribatua errespetatu. Horiek horrela, Estatuak 20.000 euro eman beharko dizkio emakumeetako bakoitzari, eta bere gain hartu beharko ditu prozesuaren gastuak (5.000 euro inguru).

Lotura bortxatzaileen eta Poliziaren artean

Atxiloketan parte hartu zuten agenteen esanetan, bazirudien bi ikertuek aurrez zeukatela atxiloketaren berri. Ikerketan parte hartu zuen agente baten koinatua zen erasotzaileetako bat, polizia hori ezkutatzen saiatu zen arren, eta badirudi funtzionarioa oso goiz saiatu zela datu-baseetan gaiari buruzko informazioren bat topatzen: biktimetako baten parte medikoa Espainiako Poliziaren eskuetara iritsi aurretik eta salaketa mahai gainean egon aurretik, hain justu. Horren ondotik, ikerketan funtsezkoak ziren froga ugari desagertu ziren, pixkanaka baina sistematikoki: Polizia Judizialaren disko gogorreko artxiboak, poliziaren koinatuaren telefono mugikorrean ezabatutako edukiari buruzko informazioa, tabernako bideo-grabazioak...

Eta badirudi hori ez dela bortxatzaileen eta polizia-indarren arteko lotura iradokitzen duen informazio bakarra. Izan ere, beste xehetasun bat jaso du El País-ek: 2016ko gau hartan, tabernan, erasotzaileetako bati zerbait eman zion eskura hirugarren gizonezko batek, biktimek memoria galdu aurretik. Ez omen dute lortu argitzea ea zer eman zion pertsona horrek, baina jakin omen da Foruzaingoko agente bat dela ezezagun hori.

NO HAY COMENTARIOS