ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/25 10:15

Ikasturtea hasi zenetik atera dira argitara eraso matxistak egin dituzten hainbat eta hainbat irakasleren kasuak Euskal Herrian, baina azken egunetan ezagutzera emandako kasu berriek "argi uzten dute matxismoa arazo larria bihurtzen ari dela hezkuntzan", Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak gaur goizean seinalatu duenez. Gasteizko (Araba) Letren Fakultate aurrean egin du agerraldi bat, "aski dela esateko": "Ez dugu beste eraso matxistarik onartuko eta irakasle erasotzaile guztiak hezkuntzatik berehala kanporatzea exijitzen dugu".

Aste bakar batean, Euskal Herriko hezkuntza-zentro desberdinetan irakasle aritzen diren sei erasotzaileren berri eman dute. Hortaz, ikasgeletan ere izaten ari den hedapen matxistaz ohartarazi du IAk, "gorakada erreakzionarioaren testuinguru" orokorrari lotuta: "Ideia nahiz jarrera matxistak normalizatzen ari dira eta hezkuntza ez dago joera sozial horretatik salbu".

Erasotzaileak Gasteizen, Iruñean, Irunen, Beasainen eta Leioan

Aipatutako irakasle erasotzaileek unibertsitatean nahiz bigarren hezkuntzan eman dituzte edo ematen dituzte klaseak. Unibertsitateari dagokionez, berriki jakinarazi dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Gasteizko Letren Fakultateko irakasle batek urte luzez eraso dituela hainbat eta hainbat ikasle, eta Leioako (Bizkaia) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, genero-indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatu dutela beste irakasle baten aurka. 

Bigarren hezkuntzan, berriz, Beasaingo (Gipuzkoa) Txindoki institutuan jarrera eta komentario matxistak dituen irakasle baten berri izan du IAk; Irungo (Gipuzkoa) Txingudiko irakasle bat oraintsu kondenatu dute ikasle ohi bati sexualki erasotzeagatik; eta aurrez Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Eunate ikastetxean hasi zen bezala, orain, Burlatako Askatasunan ari da borrokan Iruñerriko IA, ikasleak sexualizatzen dituen eta eraso matxistengatik aurrekariak dituen irakasle bat kanpora dezaten.

Hori gutxi balitz, Nafarroako Musika Kontserbatorioan eskolak ematen dituen beste irakasle batek hainbat ikasleri eraso diela jakin du IAk. Laugarrena da denbora gutxian, iazko azaroan argitaratu baitzen kontserbatorio berean hiru irakasle erasotzaile zeudela gutxienez: ukituak, eskolatik kanpo egindako hurbilpenak, jarrera eta iruzkin matxistak eta abar salatu zituzten ikasleek.

Zuzendaritzen eta gobernuen konplizitatea

Erasotzaile matxista horiek guztiak irakasleak izanik, erasotzen dituzten ikasleekiko duten "botere-harremanaz" ohartarazi du IAk gaurko agerraldian: "Egoera zaurgarrian aurkitzen gara irakasleen aurrean, eta irakasle erasotzaileek egoera hori probesten dute inpunitate osoz erasoak egiteko". Ikasle-antolakundeak gogor salatu du, gainera, ezagutzera eman diren kasuetan "zentroetako zuzendaritzek, dekanotzek nahiz [Nafarroako] Hezkuntza Delegaritzak eta [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailak izandako arduragabekeria". 

Erasoen aurka erantzun kolektiboa emateko deia

Horren aurrean, baina, IAk gogorarazi du ikasleak ez direla "besoak gurutzatuta gelditu", eta "tokian toki erasoen aurkako erantzun kolektiboa antolatzeari ekin" diotela; "indarkeria matxistaren aurkako mezu irmoa helaraziz, erasotuei babesa adieraztearekin batera". Eta lan horrek emandako zenbait fruitu azpimarratu ditu: "Ikasleon antolakuntzaz nahiz mobilizazioaz, irakasle erasotzaileak kanporatzea lortu dugu Letren Fakultatean eta Eunaten".

Antolakundeak, hala, ikasleei mezu bat emateko baliatu nahi izan du gaurko agerraldia: "Aski da. Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi. Eta normalizatzen ez uzteko aukera nagusia da ikasleok horren aurka borroka egitea". Funtsezkotzat jo du borroka egitea "matxismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko" eta "irakasle erasotzaile guztiak hezkuntzatik kanporatzeko", eta, bide horretan, IAk martxoaren 13rako antolatu duen ikasle-greban parte hartzera deitu du. Egun horretan, "gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde" egingo dute greba ikasleek.

NO HAY COMENTARIOS