Olga, Javier eta Maricarmen; horiexek dira azken hilabetean, etxegabetzeei lotuta, Espainiako Estatuan bizia galdu duten hiru pertsonen izenak. Olgak, 54 urterekin, irailaren 7an egin zuen bere buruaz beste L'Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona), etxegabetua izan eta bost hilabetera. Javier, 60 urterekin, irailaren 30ean suizidatu zen udalerri berean, bere etxea galtzeko zorian zela: agur-gutun bat utzi zuen, esanez gainera zetorkion etxe-kaleratzeagatik egingo zuela bere buruaz beste. Eta Maricarmen, 87 urterekin, bart hil da Madrilgo ospitale batean, etxegabetua izan eta bi astera.
Horiek dira hilabeteko epean Espainiako Estatuan argitara atera diren kasuak: hiru heriotza izan dira etxe-kaleratzeen eraginez. Maricarmenen etxegabetzeari aurre egin zion jendetzak irailaren 23an, eta desalojoak manifestazio masiboak eta Sol plazako kanpaldia piztu zituen Madrilen. Gerora, hamaika lurraldetara zabaldu dira protestak, eta mobilizazio-ziklo historiko bat izaten ari da etxebizitza-eskubidearen alde, Euskal Herrian barne.
Bart gauean ere jende andanak hartu ditu kaleak Madrilen, haserre biziz, Maricarmenen heriotza salatzeko. Diputatuen Kongresu aurreraino eraman dute protesta manifestariek: "Ez dira heriotzak, erailketak dira". Indarrean jarraitzen du Soleko kanpaldiak, etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrerako hilabete eskas gelditzen denean; eta ikusteke daude hurrengo urratsak politika parlamentarioan, hauteskundeetarako aurrekanpaina modura, PSOEk etxebizitza-dekretuei berriz heldu ostean.