ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/17 11:17

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak bi agerraldi egin ditu gaurkoan, Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Politika Sailaren eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Institutuaren aurrean elkartu dira Itaiako hainbat kide, "instituzio eta politikari profesionalek berdintasun politikak euren aurpegi zuriketarako erabiltzen dituztela" salatzeko batetik, eta "indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza propioa" aldarrikatzeko, bestetik.

"Instituzioetako politikak indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoen heziketara mugatzen dira, indarkeria matxistarekin amaitzeko inolako asmorik gabe", seinalatu du Itaiak. "Politika horien ezintasunaren adibide da Espainiako Gobernua. Politika feministetara inoizko diru-poltsarik handiena bideratu badu ere, politika horien mugak agerian geratzen dira", azaldu du. Itaiako kideek azpimarratu dute "emakume asko eta asko" daudela, esaterako, "euren erasotzaileekin oso egoera txarretan bizitzera behartuta". Hala ere, tokian tokiko Babes Etxebizitzak "kolapsatuta" daudela, psikologia zerbitzuetarako itxaron-zerrendak "izugarriak" direla edota askotariko prozesu judizialak "luzeak eta trabaz beteak" izaten direla ohartarazi dute.

"Indarkeria matxista sostengatzen duten baldintza material eta kulturalei aurre egin behar diegu", diote. Hala, besteak beste, "emakumeon pobrezia, lan baldintza kaskarrak, objektu izaera sexuala indartzen duten industriak edota emakumeon despolitizazioa" borrokatzera deitu du Itaiak. "Ezin dugu onartu milioika emakume muturreko baldintzetan esplotatzen dituzten enpresek indarkeria matxistaren aurkako kanpainak eta protokoloak beraien aurpegia zuritzeko eta gero eta diru gehiago eskuratzeko erabiltzea", gaineratu du.

Itaiak beharrezkotzat jo du "guztion ongizatea bermatuko duen gizarte eredua eraikitzea", bai eta "emakume langileok berdintasunaren fartsa horretatik kanpo antolatzea" ere; "indarkeria matxistaren oinarriak borrokatuz, emakume langileon babesa antolatuz eta erasotzaileei aurre egiteko bitartekoak eraikiz".

Mobilizazioak datorren astean

Astebete baino ez da geratzen azaroaren 25erako, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunerako. Hurrengo ostiralean, hain justu, Euskal Herriko 29 herritan egingo ditu mobilizazioak Itaiak, tokian tokiko taldeek deituta eta Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki aldarripean.


NO HAY COMENTARIOS