Maiatzeko inflazioari buruzko datu aurreratuak argitaratu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE), eta dirudienez, inflazioak goranzko erritmoa hartu du berriz ere. Apirilean %8,3an kokatu zen inflazioa, baina badirudi bizkortze bat izan dela hilabete honetan; datu aurreratuen arabera, %8,7koa da urte arteko tasa.
1985etik erregistratu den mailarik altuena da hori. Oraingoz, joan den martxokoa da daturik txarrena; hilabete horretan, %9,8ra heldu zen inflazioa.
Elikagaien eta erregaien prezioen igoerak eragin omen du hilabete honetako gorakada; izan ere, maiatzean gora egin dute lehengaien prezioek.
Azpiko inflazioa, hau da, aldakorrak diren zenbait neurgailu —erregaiak eta elikagai freskoak— kontuan hartu gabe kalkulatutako inflazioa bost hamarren igo da apiriletik: %4,9koa da, datu aurreratuen arabera. 1995etik izan den mailarik altuena da hori.