ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Valencia Plaza
2023/10/03 10:33

Bizitzaren garestitzea, apaltzetik urrun, gorakada berri bat bizitzen ari da. Horrela erakusten dute aurreko ostegunean Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaraturiko datuek. Urte arteko inflazioaren datu orokorra %3,5era igo zen irailean, abuztutik bederatzi hamarren (0,9) gora eginda, eta ekainetik jarraian izan den hirugarren igoera erregistratuta. Azken hazkundea, zehazki, 2022ko ekainetik izan den igoerarik handiena da.

Azpiko inflazioak eutsi dio beheranzko joera geldoari, hiru hamarren behera eginda abuztuko datuekin alderatuta, eta %5,8an kokatuta. Hala ere, oroitu behar da azpiko inflazioak hain aldakorrak ez diren merkantzien prezioak neurtzen dituela, elikagai freskoak eta erregaiak kanpo utzita. Beraz, inflazioari buruzko estatistikek lehenago erregistratzen dute inflazio orokorraren gorakada, eta handik hilabete batzuetara neurtzen dute azpiko inflazioaren gorakada.

Bizi-kostuaren gorakada berria, nagusiki, elektrizitatearen garestitzeari egotzi dio INEk. Izan ere, orain dela urtebete, prezioak mugatzeko Espainiako Gobernuak hartutako neurriak energiaren merkatzea ekarri zuen. Bigarren maila batean, INEk erregaien prezioen igoerari leporatu dio azken gorakada. Gogoratu beharra dago, inflazio-krisia amaitzetik urrun egon arren, Espainiako Gobernuak Europar Batasunarekin adostu duela jada, 2023 amaierarako, ezabatu egingo dituela bizitzaren garestitzea arintzeko hartutako neurri gehienak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) jaitsiera edota garraio publikoaren prezioari jarritako mugak, esaterako.

Gainera, INEk bere prentsa oharrean aipatzen ez badu ere, elikagai askoren prezioek nabarmen egin dute gora azken hilabeteetan. Oliba-olioa kasu: Espainiako Estatuko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) neurketen arabera, ekainaren hasieratik abuztu amaierara bitartean, %15,4 garestitu da.

Jaitsiera, baina alde nabarmenak Eurogunean

Eurostatek, bere aldetik, Euroguneko estatuetako inflazioaren datu bateratua argitaratu du: %4,3koa izan da irailean. Abuztuko %5,2arekin alderatuta, 0,9 puntu jaitsi da ehunekoa, beraz. Hala ere, alde nabarmenak jaso ditu Eurostatek datu horri dagokionez, jaitsieraren kausa nagusia Euroguneko herrialde batzuetan izan den erregaien merkatzeari egotzi baitio. Dena den, igoera nabarmenak topatu ditu elikagaien eta zerbitzuen prezioetan, %8,8ko eta %4,7ko igoerak izan baitira, hurrenez hurren.

Frantziako Estatuak ere eman du iraileko inflazio datuaren berri. Abuztuko urte arteko maila berean geratu da: %4,9an, hain zuzen ere. Bestalde, azpiko inflazioak hamarren bat baino ez du egin behera, eta %5,6ko datua erregistratu da.

NO HAY COMENTARIOS