ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Leioako campusa.
2024/11/25 12:11

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, milaka ikasle mobilizatu dira Euskal Herrian gaurko goizean zehar. Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak, esaterako, hitzaldiak eta elkarretaratzeak egin ditu bigarren hezkuntzako hamaika ikastetxetan, Indarkeria matxista ez ikastetxeetan ez inon! aldarriaren pean. 60 bat ikastetxetan antolatu dira ikasleak.

Unibertsitatean ere izan dira mobilizazioak, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) eta campusetako emakume taldeek deituta. Indarkeria matxista unibertsitatetik kanpo! Emakume langile antolatu! izan dute lelotzat Bilboko (Bizkaia), Eibarko (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Iruñeko (Nafarroa) eta Leioako (Bizkaia) campusetan egindako protestek.

"Matxismoa zabaltzen ari da eta argi izan behar dugu ez dela ideien munduan zokoratuta geratzen den iritzi bat, emakume langileok parez pare topatzen dugun errealitate gordina baizik", seinalatu dute gaurkoan IAk, UIBk eta campusetako emakume taldeek. Nabarmendu dutenez, dena den, "indarkeria matxistaren gorakadaren eta horren erantzuleak zein ondorioak ezkutatzeko saiakeren aurrean", "miseriari aurre egiteko hautua, apustua eta ardura" ere ikus daitezke, eta horren adierazle da gaur hainbeste ikasle mobilizatu izana.

Ideia matxisten normalizazioa eta horretarako abagunea

Ikasleek ohartarazi dute "sare sozialen bitartez zabaltzen diren diskurtso atzerakoi eta erreakzionarioak kaleetan eta heziguneetan erreproduzitzen" ari direla, eta "ideia matxisten zabalpena eta normalizazioa" dakartzala horrek, baita "horren ugaritzea" ere. Testuinguru horretan, "atsekabe orokorra probestuz" eta "manipulazio eta gezur bitartez", eskuinak "matxismoaren existentzia ukatu eta bizi dugun miseriaren arduradun bihurtzen ditu migranteak". Ezkerrak eta alderdirik aurrerakoienek, aldiz, "emakumeen emantzipaziorako bidean, eskubide formalen konkistara mugatu dute borroka, proiektu iraultzaile baten faltan".

"Feminismoaren instituzionalizazioak kaleetatik atera du garaian indartsua zen eta gizartea eraldatzeko potentziala zuen proiektua, kaleak oraindik ere matxismoak blaitzen dituen bitartean", ohartarazi dute gaurkoan UIBk eta campusetako emakume taldeek.

EHU eta ikastetxeak ez daude salbu

Hala, gaur egungo hezkuntza-erakundeek "indarkeria matxistaren gorakadari eta gorroto-diskurtsoen hedapenari aurre egiteko" daukaten gaitasun falta nabarmendu dute. Unibertsitateko ikasleek, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) seinalatu dute: "Berdintasunaren aldeko aldarria besarkatu eta pin morea jartzen du, promesa hutsalak eginez. [...], aurpegi zuriketarako mekanismoak baino ez dira, eta EHUren hipokrisia agerian geratzen da berehalakoan".

Jarrera hipokrita horren hainbat adibide aipatu dituzte, hala nola, garbiketako langileak azpikontratatzea eta "baldintza penagarrietan mantentzea"; "erasotzaileen inpunitatea babestea, erasotzaileak plantillan mantentzea eta klaseraino eskolta ematea"; "erasotuen hitza zalantzan jartzea", eta abar.

Ikastetxeei dagokienez, horietako itxurakeria salatu du IAk: "Hezkidetza-taldeak, berdintasun-planak, erasoen aurkako protokoloak eta abar dituztela dioten bitartean, haiek dira indarkeria matxistarekin amaitzeko antolakuntza oztopatzen dutenak. Haiek dira irakasle zein ikasle erasotzaileak babesten dituztenak euren irudia ez zikintzeko, eta haiek dira gazteen artean zabaltzen ari diren gorroto-diskurtsoen zabalpena eteteko ezintasuna dutenak".

Indarkeria matxistari kontra egiteko, ikasle langileen antolakuntza

"Ikasle langileon babesa eta ongizatea bermatuko ditugun bakarrak gu gara", aldarrikatu dute unibertsitateko nahiz bigarren hezkuntzako ikasleek. Azaldu dute euren eginbeharretako bat dela inolako erasorik gabeko unibertsitatea eta ikastetxeak eraikitzea, eta horretarako "antolatzea eta erantzun bateratua ematea". "Aurre egin diezaiokegu indarkeria matxistari eta ezinbesteko eginbeharra dugu, heziguneetatik hasita", gaineratu dute.

[Argazki galeria eguneratzen ari gara]

NO HAY COMENTARIOS