IMQ enpresak Zorrotzaurreko eta Ama Birjina Zuria zentroetako 90 langile kaleratzeko prozesua abian du, eta erabaki hori salatzeko manifestazioa egin dute gaur, Abandoibarratik Zorrotzaurreko klinikara arte.
Datorren asteartean, hilaren 22an, kaleratze kolektibo horri buruzko epaiketa egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan.
"Langileak garesti"
Kaleratzeen aurrean, IMQk adierazi du "garestiak" direla langileak beretzat, azken urteetan haien lan-baldintzak hobetu dituztelakoan.
Joan den urteko apirilean ekin zioten langileek emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalarekin amaitzeko borrokari, eta urrian Zorrotzaurreko klinikaren parean hasi ziren mobilizazioak egiten. Ondoren, azaroaren 23an, greba egiteko asmoa zutela adierazi zuten langileek, eta handik bi egunera adierazi zuen enpresak urtarrilean 90 langile kaleratuko zituela: Zorrotzaurre eta Ama Birjina Zuria kliniketako garbitzaile guztiak dira horiek.