Frantziako Senatuak astearte honetan onartu du immigrazioari buruzko lege-proiektuaren bertsio gogorrago bat, eskuineko alderdiek mahaira ateratako hainbat emendakin onetsi ondoren. Hasieran, macronistek mahaira ateratako proiektuak ez zuen jasotzen neurri zehatzik immigrazio-mugimenduak mugatzeari eta kontrolatzeari dagokionez, edota deportazioak azkartzeari dagokionez, baina alde horiek ere xehatu dituzte orain. 210 senatarik azken aldaketen aldeko botoa eman ostean (115 senatarik bozkatu zuten kontra), beraz, onartuta geratu dira emendakinak. Asanblea Nazionalera eramango dute orain lege-proiektuaren azken bertsioa, han landu dezaten.
Azken aldaketekin, immigrazioaren kontrako errepresioa gogortu du Frantziako Senatuak, bidea ireki baitu pertsona migratuak errazago eta modu sinpleagoan kanpora ditzaten. Gainera, Frantzian bizi nahi duten pertsona migratuen familiak berriz elkartzeko irizpideak zaildu dituzte (derrigorrezkoa izango da Frantzian gutxienez 24 hilabetez bizi izana, eta ez hemezortzi hilabetez, orain arte bezala); nazionalitate-agiriak, bizileku-baimenak edota "lur-eskubidea" deiturikoa lortzeko baldintzak gogortu dituzte (azken horrek baimentzen die, esaterako, guraso migratzaileak dituzten eta Frantzian jaio diren seme-alabei nazionalitatea aitortzea 18 urte betetzean); pertsona migratzaileentzako gizarte-laguntzak zaildu dituzte, eta paperik ez daukaten lagunentzako Estatuaren mediku-arreta deuseztatu dute, besteak beste.
Lege-proiektuak hasieratik jasotzen du, dena den, paperik gabeko langileei buruzko atal bat. Zehazki, gaur egun lan-esku falta dagoen sektoreetan, paperik ez daukaten beharginen egoera administratiboa erregularizatzea aukera modura planteatzen du proposamenak, egoerarik zaurgarrienean dauden langileak sektore horiei nolabait lotzeko.
Emmanuel Macron buru duen gobernuak esan izan du "irmotasuna" erakutsi nahi duela immigrazioari buruzko lege horrekin, baina, berez, ez dauka gehiengo osorik, neurria aldaketarik gabe aurrera ateratzeko. Hala ere, gehiengo osoa izan gabe ere, lege-proiektua inposatzeko aukera badauka gobernuak, beste hainbatetan egin duen modura.